Ekologia zipriztinak
Zein bizi da leizean?
Leize zuloetan bizi diren izakiak oso desberdinak dira: Kolorea, mugimendua, elikadura… Arantxa Txintxurretak eman dizkigu azalpenak 'Ekosfera' saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Kobazuloaren atarian argia dago oraindik, baina metro batzuetatik aurrera iluntasuna da nagusi. Argiarekin batera desagertu dira landareak. Zer ote da harpean bizitzea? oroitzapen hori ez zait DNAn geratu, antza, ez baitut gogoratzen. Nor biziko ote da hemen barruan? nolakoa ote da? nik ez baitut ezer ikusten!
Leizeek dituzten 4 ezaugarrik baldintzatzen dituzte hango bizidunak: iluntasuna, hezetasun- eta tenperatura-konstanteak eta elikagai-eskasia. Horiekin bizitzen asmatu dute izaki kabernikoloek.
Hasteko, iluntasunean ez da landare berderik. Egon daitezke bakterio kimiotrofoak (ferrobakterioak, thiobakterioak eta beste bakterio nitrifikanteak, adbz) baina orokorrean, harpeetako iluntasunean, ez da ekoizle primariorik. Hortaz, heterotrofoak diren animaliak eta bakterioak aurkituko ditugu, soilik, leizeetan. Baina, ekoizlerik ez badago, zertaz elikatzen dira?
Guztiok ongi ikasi genuen, haragijaleak belarjalea jan ahal izateko, belarjaleak lehenik landarea jan behar izan du. Aho-korapiloa ematen du honek! Kobazuloetan landarerik ez dagoenez, kobazuloetako bizidunak kanpotik datorkien jakien mende bizi dira; urak eta grabitatearen indarrak ekartzen dienetik, bereziki. Eta baita ere hildakoetatik, gorotzetatik...
Horiek jaten dituzte bat ere ikusi gabe, noski. Iluna dagoela esan ez dugu ba! Ukimena edo kimikoekiko sentikortasuna erabiltzen dute, inguruneari buruzko informazioa jasotzeko. Ez dute pigmenturik, gorputzean, beraz. Zertarako kolore deigarriak, inork ikusiko ez baditu? Soilik gizakiari bururatzen zaio bisonte gorriak margotzea kobazuloetako horma bustietan!
Iluna ezezik, hezeak dira leizeak. Leizeak hezeak, oso hezeak, saturaziotik oso hurbil. Eta tenperatura konstantea, urte osoan zehar. Gainera, CO2 kontzentrazioa handia izan daiteke. Baldintza horietan ez da bizidun asko bizi, egia esan, baina bizi direnak luze bizi dira; eta ondorengo gutxi izaten dute, arretaz zaintzen dituztenak. Bizitza lasaia dute, lo zorro luzeekin, ez dira oso erasokorrak izaten eta ihes egiteko erreakzioa motela izaten dute.
Kakalardo karabidoak, pseudoeskorpioiak, barraskiloak, nematodoak... Aralarren erraietan dauden kobazuloetan horiek eta gehiago aurkitzen dira, eta soilik Aralarren aurkitu ere, beste inon ez munduan; fauna tropikal zaharretatik datozen fosil biziak dira, baldintza monotono eta berezi horietara ongi moldatu dauden trogloditak.
Hori izan da guztia, entzule. Ongi bizi.