Itxi

Otsailak 17

Iruña-Veleia auziaz, ostiralean, 'Faktoria'n

G.U. | ERREDAKZIOA

Argibide fasea amaitzear dela eta, aurkikuntza iragarri zenetik igaro diren 10 urteotan gertatutakoa jasoko dugu. Emakumeek kirol epaile eta entrenatzaile izateko dituzten zailtasunez ere ariko gara.

Iruña Veleia

Iruña-Veleia auzia izango dugu hizpide, ostiralean, 'Faktoria' saioan. Auzi bati buruz gurean orain arte izan den argibide fase luzeena izaten ari da Iruña-Veleiakoa, eta bukatzear egon liteke: egun batetik bestera jakinarazi beharko luke Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileak kausa artxibatzea erabakitzen ote duen ala ahozko epaiketa zabalduko duen. Aurkikuntza iragarri zenetik pasatu diren hamar urte luze hauetan gertatutakoa jasoko dugu Tere Beloki lankideak alde guztiekin hitz egin ostean jaso duen erreportajean. Gainera, emakumeek kirol epaile eta entrenatzaile izateko dituzten zailtasunez ere ariko gara, Ainhoa Azurmendi EHUko ikertzailearekin.

Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. 08:30ean, solasean arituko dira Iñaki Galdos, Felipe Juaristi eta Maite Ubiria. 09:00etako albiste errepasoaren ostean, Iruña-Veleiari buruzko erreportajea entzungo dugu. 09:30ean, Jon Sarasuaren tartea zabalduko dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Hasteko, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.

11:00etan, emakumeek kirol epaile eta entrenatzaile izateko dituzten zailtasunez hitz egingo dugu Ainhoa Azurmendi EHUko ikertzailearekin. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu, eta, jarraian, Begoña del Teso sartuko zaigu Berlinale zinema jaialdiaren berri bertatik bertara emateko.

12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere jasoko dugu. Saioa amaitu aurretik, Iñaki Perurenaren agertokietarako jauzia aipatuko dugu. Harria: maitasun istorioa ikuskizuna prestatu du, eta ostiralean erakutsiko du lehen aldiz, Altzon.

07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.

Informazio gehiago (2)