Itxi

Asteartean

Indultu legea eta Skype bidezko familia harremanak, 'Faktoria' saioan

G.U. | ERREDAKZIOA

Alberto Lopez Basaguren Konstituzio Zuzenbideko EHUko katedraduna eta Jaime Elias abokatuarekin aztertuko dugu 1870eko legea. Bilobak Skype bidez ezagutzen dituzten aitona-amonak ere ezagutuko ditugu.

1870ekoa da gaur egun Espainian indarrean dagoen indultuari buruzko legea. Lege hori genero indarkeria eta ustelkeria kasuetarako erreformatzeko eskatu berri du Alderdi Sozialistak Kongresuan. Proposamen horretatik abiatuta, indultuaz arituko gara astearteko albiste 'Faktoria'n. Alberto Lopez Basaguren Konstituzio Zuzenbideko EHUko katedraduna eta Jaime Elias abokatua gonbidatu ditugu horretarako. Gainera, Skype bidezko familia harremanak aztertuko ditugu. Aitona-amonek, sarri, Skype bidez ezagutzen dituzte bilobak, eta haiek nola hazten ari diren ikusi ere bai. Hiru adibide jasoko ditugu.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Mikel Aramendi, Laura Mintegi eta Mikel Aramendi. 09:30ean, indultuaren legeaz hitz egingo dugu. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu, uraz hitz egiteko.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Bilbora joko dugu. Salda lehiaketa egiten ari dira bertan, eta Mikel Martinezen tabernara inguratuko gara salda hartzera. Jon Santxezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.

11:00etan, Al Anon elkartearen bilkuraz ariko gara, eta, jarraian, harremana Skype bidez izaten duten hiru familia ezagutuko ditugu. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza haurdunaldi subrogatuaz ariko dira solasean.

12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterolarekin eta Igor Zalakainekin. Itsaski 'merkeak' prestatuko dituzte gure bi sukaldariek. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.

Informazio gehiago (2)