Martxoak 2
Majarenasen senide bat, Izarrek 3. urtebetetze egunean, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Araitz Zubimendi familiaren bozeramailea elkarrizketatuko dugu. Gainera, Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izango dugu.
Ostegunean, martxoaren 3an, 3 urte beteko ditu Izarrek, Sara Majarenas presoaren alabak. 'Faktoria'n Araitz Zubimendi familiaren bozeramailea elkarrizketatuko dugu. Bestalde, Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izango dugu. Gainera, ekonomia zirkularreko adibide bat ekarriko digu Circular Hub taldeko Aitor San Franciscok: kafe hondarretan perretxikoak hazi dituzte.
07:00etan hasiko da saioa, eguneko albiste nagusien errepasoa eginez. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du albistegiaren gidaritza, eta Araitz Zubimendi, Majarenas familiaren bozeramailea, elkarrizketatuko du. 08:30ean, Joseba Arruti, Nerea Azurmendi eta Martxelo Otamendi kazetariak arituko dira aktualitateko gaiei buruz solasean. 09:00etako albiste errepasoaren ondoren, Ipar Irlandako hauteskundeei begira jarriko gara Ihintz Olidenekin. 09:30ean, Ibon Sarasolaren hizkuntza gomendioak entzungo ditugu. Aste honetan, 'nahikotasun finantziero' esamoldea izango du hizpide. Jarraian, Asier Atxutxa, Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentea elkarrizketatuko dugu.
10:00etatik 13:00etara, berriz, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, eta magazinak egingo du bidea. Hasteko, ekonomia zirkularra izango du hizpide Aitor Franciscorekin, perretxikoak hazi baitituzte kafe hondarretan. Kirol aurrerapenaren ostean, Markos Zapiainen filosofia eskola jasoko dugu.
11:00etan, Koji Kondo bideo-jokoetarako musika konposatzailearen biografia ekarriko digu Mikel Chamizok. Esther Moyuaren liburu gomendioa ere jasoko dugu, eta, ordua amaitu aurretik, Tolosako jai giroan murgilduko gara berriz ere.
12:00etan, ostegunetarako plan ezberdinak proposatuko ditugu. Dena ez da pintxo potea; eskalatzeko, abesteko, aldarrikapenak egiteko eguna ere izaten da osteguna. 12:30ean, ume kotxe marken marketing estrategiak ezagutuko ditugu Joseba Kamiorekin.
07:00etatik 13:00etara izango dugu martxan 'Faktoria'.