Itxi

Apirilak 4

Iruñean giro homofobirik ote den jakingo dugu, asteartean, 'Faktoria'n

Kattalinguneko Xabier Sanchezekin hitz egingo dugu. Sener enpresaren 50. urteurrenaz ere ariko gara, eta txakurra trenean eramaten utzi ez ziotelako protestan ari den Lander Aranburu ezagutuko dugu.

Iruñean giro homofobirik ote den jakingo dugu, asteartean, 'Faktoria'n. Kattalingune LGTB plataformako Xabier Sanchezekin hitz egingo dugu gai horretaz. Bestalde, Sener enpresaren 50. urteurrenaz ere ariko gara, eta txakurra trenean eramaten utzi ez ziotelako Tarragonara bizikletaz protesta egitera doan Lander Aranburu ezagutuko dugu.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza, eta Korrika non dabilen jakingo dugu Jon Santxezekin, hasteko. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Laura Mintegi, Mikel Aramendi eta Joseba Arruti. 09:00etako albiste errepasoaren ostean, Kattalinguneko Xabier Sanchezekin hitz egingo dugu, Iruñean asteburuan salatutako eraso homofoboaren haritik. 09:30ean, Sener enpresaz ariko gara. 50 urte bete ditu espaziorako industrian, eta, urteurren hori dela eta, erakusketa zabaldu berri dute EHUko Bizkaia Aretoan, Bilbon. Bertan egin dugu hitzordua German Jaio Senerreko Diseinu Atalaren arduradunarekin. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, Lander Aranburu ezagutuko dugu. Txakurra trenean eramatea debekatu ziotela eta, protesta gisa, bizikletaz doa Tarragonara. Bidetik hitz egingo digu. Kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek, Hondarribiko egurrezko etxeez hitz egiteko.

11:00etan, lan bertikalak egiten erakusten duen Trebikal eskola ezagutuko dugu. Jarraian, gazteentzat teknologiak dituen onurak eta arriskuak izango ditu hizpide Tere Belokik. Gainera, Amaia Artetxe Arriaga antzokian egiten ari diren bisita gidatuez mintzatuko zaigu. 11:30ean, Korrikaren berri emango digu Jon Santxezek. Ondoren, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira. ETAren armagabetzea izango dute gai nagusi.

12:00etan, Euskal Herriko Itzuliarekin bat egingo dugu, Arritxu Iribar lankidearekin. Jarraian, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin. Zainzuriak prestatuko dituzte gure bi sukaldariek. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.

Informazio gehiago (2)