Maiatzak 19
Nagua Alba, ostiralean, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Gainera, Inazio bidean eta Done Jakue bidean doazenekin hitz egin du Tere Beloki lankideak.
Nagua Alba, Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi eta Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako diputatua, izango dugu, ostiralean, 'Faktoria' saioan. Gainera, Euskal Herritik pasatzen diren erromes bideek osatzen duten mapa marraztuko dugu. Bide inaziotarrean eta Donejakue bidean ibili da Tere Beloki lankidea eta erreportaje zabalean ekarriko dizkigu bertan jasotako kontakizunak.
Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. Hasteko, Julen mendoza Errenteriako alkatearekin hitz egingo dugu. Alderdi desberdinetako alkateek atxilotutako gazteak justizia arruntean epaitzeko eskatuko dute, eta Mendozak horren berri emango digu. 08:30ean, solasean arituko dira Maite Ubiria, Edurne Egaña eta Hedoi Etxarte. 09:00etako albiste errepasoaren ostean hitz egingo dugu Nagua Albarekin. 09:30 aldera, erromes bideen erreportajea entzungo dugu, eta, albistegia amaitzeko, Jon Sarasuaren gogoeta tartea izango dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Hasteko, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.
11:00etan, Inazio Bidea egiten ari diren ama-semeen testigantza bilduko digu Tere Beloki lankideak. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu, 'Balea Urdina'z hitz egiteko. Gainera, Ane Muñozen zinemarako proposamena entzungo dugu
12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Ondoren, desafio bitxi baten berri ere izango dugu. Iruñeako bi peñatako kideak Hondarribira joango dira arraunean kontuak "garbitzera". Zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere jasoko dugu.
07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.