Asteartean
Unibertsitaterako hautaproben bezperan, ikasleekin izango gara, 'Faktoria'n
G.U. | ERREDAKZIOA
Gainera, Max sarietan Euskal Herriak dituen ordezkariren bat sarituz gero, harekin hitz egingo dugu.
Asteazkenean hasiko dituzte Hego Euskal Herriko ikasleek unibertsitatean sartzeko hautaproba berriko lehen azterketak. Aurreko selektibitatearen oso antzekoa izango da froga, nahiz eta puntuazio modua aldatuko zaien ikasleei. Ia 14.000 gaztek egingo dute hautaproba Euskal Herrian, ia 11.000k EHUk antolatutako azterketetan, eta beste 3.000k, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Horietako ikasle batzuekin hitz egingo dugu astearteko 'Faktoria'n, hain zuzen ere, Gasteizko Koldo Mitxelena institutukoekin eta Andoaingo Aita Larramendi ikastolakoekin. Unibertsitateik atera gabe, Carmen Agues Udako Ikastaroetako zuzendaria ere espero dugu, 09:30etik aurrera, EHUko ikastaroak ere asteazkenean hasiko baitira. Eta, jakina, Max sarietan izendatuta dauden euskal ordezkarietakoren batek garaikurra eskuratuz gero, harekin hitz egingo dugu.
07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Niko Cuenca ekonomistarekin hitz egingo dugu. Jarraian, Max sarien banaketari begira jarriko gara, eta euskal sarituren bat izanez gero, zoriondu egingo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Laura Mintegi, Mikel Aramendi eta Javier Diaz Noci. 09:00etako albiste errepasoaren ostean, unibertsitatean sartzeko hautaproba berriko lehen azterketez ariko gara ikasleekin. 09:30ean, Carmen Agues elkarrizketatuko dugu. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Hasteko, Gipuzkoako Alegia herria plan orokorrean herri ekologiko izendatzeak zer esan nahi duen azalduko digu Unai Iraola alkateak. Jon Sanchezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero, eta, kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.
11:00etan, ondorengo galderari erantzuten saiatuko gara: Zure seme alaba gaztetxo eta nerabeek euskara erabil dezaten, zer egin? EBETE ekimeneko Iñaki Eizmendirekin saiatuko gara erantzuna ematen. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira. Atentatuen ondorena izango dute hizpide nagusi.
12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin. Tipulina izango dute osagai nagusi euren platerak prestatzeko. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.