Itxi

Asteartean

Sopelan, Marea kablea urpekariek nola lotuko duten ikusiko dugu 'Faktoria'n

G.U. | ERREDAKZIOA

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Gordailua eraikina bisitatuko dugu, Dantzertin sartzeko hautaprobetan izango gara, eta UEUren ikastaroen berri emango dugu.

AEBetako Virginia Beach Sopelarekin lotuko duen gaitasun handiko Marea kablea asteartean lotuko dute, itsas azpitik. Arrietara hondartza bertatik kontatuko dugu 'Faktoria'n ariketa hori nola egiten duten urpekariek. Kablea 6.600 luze da eta, Atlantikoa gurutzatzen dituenen artean, datu kantitate handiena emateko gai izango den azpiegitura informatikoa izango da. Sopelara ez ezik, Irunera ere joko du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailua eraikina bisitatzera. Ondare artistiko-arkeologikoa bertan gordetzen du Aldundiak, lan horiek eskatzen duten baldintza berezietan. Aurki, bisita gidatuetarako zabalduko dute. Bestalde, Dantzertin sartzeko hautaprobetan izango gara, eta UEUren ikastaroen berri emango dugu.

07:00etan hasiko da saioa eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Maite Artolak hartuko du gidaritza 08:30ean, solasaldian izango ditugu Laura Mintegi, Mikel Aramendi eta Javier Diaz Noci. 09:00etako albiste errepasoaren ostean, Iñaki Guridi lankideak kontatuko digu Sopelatik Marea kablea nola ari diren lotzen. Jarraian, Maia Ossa itzultzailearekin hitz egingo dugu, Ariasman nobela finlandiarra aurkeztuko baitute euskaraz. 09:30ean, Gordailua eraikinean egingo dugu bisita OIhane Yustos lankidearekin eta Carlos Olaetxea zuzendariarekin. Gainera, Eli Larrinagaren sinadura ere jasoko dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, 'Faktoria Magazina' abiatzeko. Lehenik eta behin, UEUren Udako Ikastaroen berri emango digu Irati Iciarrek. Jon Sanchezek aktualitatea puri-purian ekarriko digu gero, eta, kirol aurrerapena entzun ondoren, 'Ekosfera' saioaren leihoa zabalduko du Jokin Aldazabalek.

11:00etan, Dantzertin sartzeko hautaprobetan izango gara, eta, segidan, AEBetan au pair gisa esperientzia oso aberatsa izan duen Natali Izagirre ezagutuko dugu. 11:30ean, Carlos Cid eta Xabier Amuriza direnez eta ez direnez arituko dira.

12:00etan, 'Sukaldari Dema' izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin. Ogia izango dute osagai nagusi. Saioa amaitu aurretik, Amancay Gaztañagarekin ere hitz egingo dugu.

Informazio gehiago (2)