Ostegunean
Marisol Garmendia, Gipuzkoako Mugikortasun diputatua, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Gainera, Baketik eta Berbari Lekua ekimenak ezagutuko ditugu, eta EHUren Leioako campusean egingo duten 'Materials for tissue engineering' symposiumera egingo dugu bisita.
Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun diputatua elkarrizketatuko du Maite Artolak ostegunean. Besteak beste, Gipuzkoako autobus zerbitzuaren berrantolaketari buruzkoak galdetuko dizkio, 09:30 aldera, aldaketek hainbat eskualdeetan sortu duten ezinegona eta protestak kontutan hartuta. Horren aurretik, eta osteguna izanik, kazetariak izango dira solasaldian: Martxelo Otamendi, Nerea Azurmendi eta Joseba Arruti eta, astero bezala, Ibon Sarasola hizkuntzalaria ere batuko zaie.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina martxan jartzeko. Hasteko, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen udal politikak sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa ezagutzen jarraituko dugu. Baketik eta Berbari Lekuaren lana ezagutuko dugu. Inesa Ariztimuño eta Aitziber Blanco erreztatzaileak etorriko zaizkigu. 10:30ean, Marie Curieren biografia aztertuko digu Eneko Axpe 'Maysha' fisikari eta Cambridgeko Unibertsitateko ikerlariak. Jarraian, Filosofiaren istoria gaurkotua ekarriko digu Markos Zapiainek.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren historia landuko dugu Mikel Chamizo musika konposatzailearekin, eta, ondoren, EHUren Leioako campusean ostegunean egingo duten 'Materials for tissue engineering' nazioarteko symposiumera egingo dugu bisita. Eneko Axpe antolatzailea eta Amaia Zipitria ikerlaria izango ditugu gurekin.
12:00etan, Kattalin Minerren burutazioak entzungo ditugu, eta, horren ostean, Emaus Social Factory ezagutzera ere joango gara. Saioa amaitzeko, Donostiako 2. Komikilabeari egingo diogu tartea, 'Euskal Komikiak Donostian' ibilbidearen berri emango baitigu Mikel Begoña komikilari eta gidariak.