Astelehenean
Bertsolari Txapelketaren emaitza, 'Faktoria' saioan
ERREDAKZIOA | G.U.
Bezperako kronika eta iruzkinak izango ditugu eta txapelduna bera ere espero dugu. Gainera, Lander Martinez Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi hautatu berria ere izango dugu.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak eman duenari begira abiatuko da 'Faktoria' astelehenean. Bezperako kronika eta iruzkinak izango ditugu goizean goizetik, eta txapelduna bera ere espero dugu Maite Artolaren galderei erantzuteko. Gainera, Lander Martinez Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi hautatu berria ere izango dugu. Astelehenero bezala, Bernardo Atxagaren gogoetarekin egingo dugu hamarrak arteko bidea.
07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizaren eskutik. 07:50 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Maddalen Arzallusen sinadura izango da. 08:00etan, Niko Cuencaren ekonomia tartea entzungo dugu. 08:30ean, Eguzki Urteaga, Joseba Arruti eta Iker Rioja arituko dira aktualitateari buruzko analisian, Maite Artola gidari dutela. 09:00etako albisteen errepasoaren ondoren espero dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txapelduna. Albistegia amaitzeko, Bernardo Atxaga entzungo dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du magazinaren gidaritza, eta, hasteko, asteburuko kirol emaitza eta gertakizun guztiak aztertuko dituzte Andoni Urbistondok eta Beñat Zarrabeitiak kirol solasaldian. 10:30ean, mahai-jolasen onurak aztertuko ditugu. 11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, meditazioaz hitz egingo dugu David Alvearrekin. 11:30ean, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaleko lanik onenak ekarriko dizkigu Xabier Sukiak.
12:00etan, Kutxa Ekogunea tartea zabalduko dugu, eta animalien eskubideak izango ditugu hizpide. Saioa amaitzeko, Tania Arriagaren 'Harriadak' entzungo ditugu, eta lehiaketa izango dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.