Itxi

Asteazkenean

Benito Lertxundi etorriko da 'Faktoria'ra

ERREDAKZIOA | G.U.

Iparraldeko ikastolen alde Errenterian emango duen kontzertua iragarriko dugu. Bestalde, bullyinga jasan zuen ahizpa transexualaren testigantza eta hausnarketa egingo digu Maddi Imazek.

Asteazkenean, Benito Lertxundi kantari oriotarra izango dugu bisitan 'Faktoria'n. Errenteriako Orereta ikastolak Iparraldeko hainbat ikastolari laguntzeko antolatu duen kontzertua iragarriko dugu, besteak beste, eguerdian egingo diogun elkarrizketan. Gainera, eskola jazarpena jasan duen ahizpa transexualaren testigantza eta hausnarketa egingo digu Maddi Imazek.

07:00etan hasiko da albistegia. 07:55ean, Eli Larrinagaren iritzi zutabea entzungo dugu. 08:00etako albiste nagusiak errepasatu ondoren, Gipuzkoako zabor biltzaileen grebaren berri emango dugu. Gainera, Niko Cuencaren ekonomia azalpenak entzungo ditugu. 08:30ean, solasaldirako tartean, Mikel Aramendi, Javier Diaz Noci eta Amaia Espinosa arituko dira aktualitatearen analisia egiten. 09:30 aldera, asteazkeneroko ekonomia tartean, pentsio eta EPSVei buruz ariko zaizkigu Lander Beloki eta Adrian Zelaia adituak. Ordua amaitzeko, Koldo Almandoz zinemagilearen errematea entzungo dugu.

10:00etan abiatuko dugu magazina. Hasteko, Idoia Torregarairen umore printza izango dugu. 10:30ean, Juanjo Sanmiguel lankideak iraultza arabiarra izango du hizpide. 11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, eskola jazarpena jasan duen ahizpa transexualaz ariko zaigu Maddi Imaz. 11:30ean, Esther Moyuaren liburu gomendioa jasoko dugu.

12:00etan etorriko zaigu Benito Lertxundi, eta 12:30ean, berriz, Imanol Ituiñoren magiak liluratuko gaitu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

Informazio gehiago (1)