Asteartean
Alfako langileak, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Bi hilabete greban diren langileetako batzuekin egongo gara. Bestalde, Argia saria jaso berria duen Jokin Aldazabal lankidearen 'Ekosfera' tartean, Enrike Zuazua matematikaria izango dugu.
Eibarko Alfa enpresa historikoak itxierako lan erregulazio espedientea zabaldu berri du. Bi hilabete daramatzate greban bertako langileek, baina etsiak jota daude une honetan. Behargin talde batekin egindako hitzordutik ateratako testigantzak eta gogoetak zabalduko ditugu, asteartean, 'Faktoria'n, 09:30etik aurrera. Kataluniara begira esnatuko gara, nolanahi ere, goizean goizetik. Inbestidurarako lehen saioaren egunean gertatzen diren guztiak kontatuko ditugu, Martin Aranburu aholkulari eta politikoaren analisiaren laguntzaz.
07:00etan hasiko da albistegia, Igotz Alkortak gidatuta. 07:55 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, eta Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Mikel Aramendi, Iñaki Galdos eta Iker Rioja. Martin Aranburu ere batuko zaie, Kataluniko inbestiduraz aritzeko. 09:20 aldera, Etxeko Langileen Elkarteak konpromisoa bete dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta horren berri emango dugu. 09:30ean, berriz, Alfako langileen aldarrikapenen eta egoeraren berri emango dugu. Ordua ixteko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren tartea entzungo dugu.
10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, San Mamesen adienkoentzat antolatutako bisita gidatu batean egongo gara eta, segidan, Maisharen 'Arts&Science' tartea entzungo dugu. 10:30ean, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin, Enrike Zuazua matematikariarekin hitz egiteko. Lemniskata Zientziaren Dibulgaziorako Elkarteak antolatuta, ostiralean Beasainen hitzaldia emango du Zuazuak, 'Kontratatu nazazu, matematikaria naiz' izenburupean.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, naturako zein fenomenok txunditzen gaituen galdetuko dugu Nerea Ibartzabalen, Xabier Amurizaren eta Karlos Ciden tartean. 12:00etan, 'Sukaldari Dema'n, sagardotegietako postreak eguneratuko dizkigu Pili Manterolak, eta, 12:30ean, gainera, 'Musika eta bizitza' tartean, Agus Barandiaran arituko zaigu.
07:00etatik 13:00etara, martxan izango da 'Faktoria'.