Ostegunean
'Faktoria' Tolosako inauterietan eta errepideetako mantenu langileekin izango da
ERREDAKZIOA | G.U.
Tolosako txupinazoa zuzenean emango dugu. Gainera, errepideak zaindu, mantenua egin eta larrialdietan laguntza eskaintzen duten langileekin hitz egingo dugu.
Ostegun honetan, ostegun gizen, Tolosan izango da 'Faktoria' magazina. 'Iñauterizale kuttun' izendatu dituzten Berazubiko Karrozakoekin eta Olatz Peon alkatearekin dugu hitzordua eginda, eta, 12:00etan, txupinazoa zuzenean emango dugu. Horren aurretik, albistegian, errepideak zaindu, mantenua egin eta larrialdietan laguntza eskaintzen duten langileekin hitz egingo dugu. Elurte garai betean, ardura hori nola betetzen duten galdetuko diegu eta kontatuko dizkigute, baita ere, nola moldatzen diren euren egiteko nagusietan.
07:00etan hasiko da saioa. 07:50 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, eta Aingeru Epaltzaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten, eta Ibon Sarasola ere batuko zaie, ostegunero bezala, bere euskara gomendioa emateko. Inauteriez hitz egingo digu. 09:30 alderaentzungo dugu errepideetako mantenu langileekin osatutako erreportajea.
10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, gramatika erakargarri egingo digu Beatriz Fernandez EHUko hizkuntzalariak. Ondoren, Tolosan egongo den gure unitate ibiltariarekin bat egingo dugu, eta Berazubiko Karrozakoekin hitz egingo dugu. 10:30ean, filosofiaren historia gaurkotua ekarriko digu Markos Zapiainek.
11:00etan, berriz joko dugu Tolosara, Olatz Peon alkatearekin hitz egiteko. Jarraian, Mikel Chamizok Pascal Gaigne musikariari buruz hitz egingo digu, eta, 11:30ean, berriz ere murgilduko gara Tolosako inauteri giroan, eta txupinazoa zuzenean emango dugu.
12:00etan, Kattalin Minerren burutazioak entzungo ditugu, eta, segidan, aiton-amonek bilobak nahi izanda ala derrigortuta zaintzen ote dituzten aztertuko dugu erreportaje batean. Saioa amaitzeko, Amancay Gaztañaga izango dugu 'Musika eta bizitza' tartean.