Itxi

Asteazkenean

Lander Martinez, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusia 09:15ean elkarrizketatuko dugu. Bestalde, ahuakatearen moda aztertuko dugu, ertz guztietatik.

Lander Martinez. Argazkia. EFE

Lander Martinez Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusia izango da gonbidatu nagusia, 'Faktoria'n. 09:15ean hasita erantzungo die Maite Artolak egingo dizkion galderei. Bestalde, magazinean, ahuakatearen modaren barrunbeak ezagutuko ditugu. Badakigu nola bizi diren gure artean hain modan dauden ahuakateen ekoizle mexikarrak? Euskal Herrian ekoizten al da ahuakaterik? Modaz harago, zein ezaugarri ditu elikagai honek? Horiek eta beste hainbat argituko dizkigute Ane Irazabal kazetariak, Harkaitz Rezola Fraisoro Nekazaritza Eskolako irakasleak eta Bittor Rodriguez EHUko elikagaien biologiako irakasleak.

07:00etan hasiko da albistegia, Igotz Alkortak gidatuta. 07:50 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, eta Rosa María Martin-Sabarisen iritzi-tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango dira Mikel Aramendi, Xabier Riezu eta Amaia Espinosa. 09:30 aldera, berriz, ekonomia-tartea zabalduko dugu, merkataritza elektronikoaz aritzeko. Lander Beloki eta Adrian Zelaia adituen iruzkinei Amalur Angiozar Gipuzkoako Bazkundeko arduraduna ere batuko zaie, Euscommerce programaz hitz egiteko.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa, magazina abiatzeko. Hasteko, ahuakatea zurituko dugu, barru-barrutik ezagutzeko dituen erpin guztiak. 10:30ean, selfieak neurririk gabe erabiltzearen efektu negatiboak aztertuko ditugu Aingeru Oiartzabal osasun psikologoarekin.

11:00etako kirol aurrerapenaren ostean, Atx Elkartea ezagutuko dugu, Xabier Munioitz presidentearen eskutik. Atx Elkartean alergiak dituzten umeen bizi-kalitatea hobetzen saiatzen dira. 11:30ean, berriz, Alpeetan leran bederatzi eguneko lasterketatik bueltan den Eneko Agirrerekin hitz egingo dugu. 

12:00etan, Kooperako Nagore Perezek "Savewater" kanpainaren berri emango digu: erosten dugun arropa ekoizteko zenbat ur alperrik galtzen den, eta hori eragozteko zer egin daitekeen kontatuko digu. 12:30ean, Imanol Ituiñoren magia tartea entzungo dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

Informazio gehiago (1)