Ostegunean
Hiri autobusetako segurtasunaz, 'Faktoria'n
ERREDAKZIOA | G.U.
Gainera, Berraskidetzearen aldeko Gernika Saria eskuratuko duen Helena Malenoren laguntzari esker bizirik dauden Madi eta Bouba errefuxiatuak ezagutuko ditugu.
Gasteizko hiri autobusetan segurtasun kristalak jarri dituzte gidaria babesteko. Iruñeko Udalak bide bera hartu du eta, Donostian, bide horretatik jo edo ez erabakitzeko froga egingo dute hainbat autobusetan. Hiru hiriburu horietako autobus konpainietako arduradunekin eta gidariekin arituko da ostegun honetako 'Faktoria', 09:30etik aurrera.
07:00etan hasiko da saioa, Igotz Alkortaren gidaritzapean. 07:50 aldera, Iñigo Alustizak hartuko du lekukoa, eta Aingeru Epaltzaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Nerea Azurmendi, Martxelo Otamendi eta Joseba Arruti izango ditugu solasaldian, Kanborako iragarri den ekitaldiaz arituko dira besteak beste, baita 2016ko sanferminetan salatutako talde bortxaketaren epaiaren aurrekoez ere. 09:30 aldera hitz egingo dugu autobusetako segurtasunaz
10:00etan, magazina jarriko du martxan Manu Etxezortuk. Hasteko, Mireia Roca arkitektoak Leireko monastegira eramango gaitu. 10:30ean, Bakearen eta Berraskidetzearen aldeko Gernika Saria izango dugu hizpide. Aurten, Daniel Barenboim musikariak eta Helena Maleno ekintzaileak saritu dituzte. Eta, hain zuzen ere, Helena Malenoren laguntzari esker bizirik dauden Madi eta Bouba errefuxiatuak ezagutuko ditugu, Asier Arejita Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidearen eskutik.
11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Mikel Chamizoren tartean, Daniel Barenboimen lanaz ere hitz egingo dugu. Gernikara ez da etorriko, agenda arazoak medioa,baina gure musika klasiko adituari esker hobeto ezagutuko dugu.
12:00etan, Alaitz Argandoña Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko idazkariarekin hitz egingo dugu, apirilaren 28an Bilbon egingo den “Kalea ez da isilduko” manifestazioaren harira. Bilboko Irala, Basurtu eta Uribarri auzoetako eskariak ere entzungo ditugu. 12:30ean, berriz, Sahararen aldeko diru-bilketa egiten ari diren 11 urteko neska taldea ezagutuko dugu: Elorri Ibarguren, Goiuri Albisu, Oihane Marixalar eta Nekane Martiarena.
10:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.