Itxi

Ostiralean

Maria Solana eta Tarana Karim, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileari egingo diogun elkarrizketan, 'La Manada'ren sententziaz ariko gara, besteak beste. Azerbaijango musulman feminista batekin ere hitz egingo dugu.

'La Manada' auziko epaiari buruzko erreakzioaz galdezka hasiko da ostiral honetan 'Faktoria', Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileari egingo diogun elkarrizketa. Sententziari buruzkoak ez ezik, ETAren amaierari eta Nafarroako gainerako aktualitateari buruz ere arituko dira 09:00etan. Ostirala izanik, elkarrizketa lasai eta pertsonalerako tartea ere hartuko du saioak: aste honetan, Tarana Karimekin arituko da Maite Artola solasean. Azerbaijandarra da Karim, musulman eta feminista.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Garbiñe Ubedaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Javier Arrieta, Eguzki Urteaga eta Hedoi Etxarte izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:00ak aldera hitz egingo dugu Mari Solanarekin, eta 09:30ean hartuko dugu Tarana Karim elkarrizketa egiteko.

10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk. Magazinaren hasieran, astearen prentsa errepasoa egingo digute Jurdan Arretxek eta Mikel Garciak. Ondoren, Sopelako Esaera Zaharren 25. Txapelketaz jardungo dugu, Aitor Fernandez de Martikorena antolatzailearekin.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Gaztearen Maketa Lehiaketako finalistak ezagutuko ditugu, gauean egingo duten finalaren atariko, eta 11:30ean, Ane Muñozen burutazioak entzungo ditugu. Jarraian, Gasteizko San Prudentzio festak izango ditugu hizpide.

12:00etan, asteburuan 'Amarauna' saioan landuko dituzten gaiak aurreratuko dizkigu Gari Udabek. Ondoren, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere emango dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

Informazio gehiago (1)