Itxi

Ostiralean

Anari, 'Faktoria'ko gertuko elkarrizketan

ERREDAKZIOA | G.U.

Adarra saria jaso aurretik izango du Maite Artolak hurbileko solasaldia kantari azkoitiarrarekin. Gainera, genero indarkeria kirolean nolakoa den argitzen lagunduko digu Ainhoa Azurmendik.

Anari. Argazkia: Emezeta

Euskal musikari egindako ekarpenagatik datorren astean Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria jasoko du Anari Alberdik datorren ostegunean. Bere musika ibilbideari errepasoa egingo dion kontzertua agindu du musikari azkoitiarrak. Haren atariko etorriko da, ostiral honetan, 'Faktoria'ra.  09:15ean hasiko da Maite Artola eta beraren arteko gertuko elkarrizketa. Gainera, Ainhoa Azurmendi izango dugu. Aventoko kirol aholkulari eta EHUko irakasleak maiatzean Botswanan egin zen Emakumea eta Kirola Nazioarteko Kongresuan hitz egindakoen berri emango digu. Berak, zehazki, kirolean den genero indarkeria izan zuen hizpide.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustizak gidatuta. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Garbiñe Ubedaren sinadura entzungo dugu. 08:30ean, Javier Arrieta, Eguzki Urteaga eta Hedoi Etxarte izango ditugu solasaldian, aktualitateari errepasoa egiten. 09:00etako albiste errepasoaren ondoren, Anariren elkarrizketa izango dugu, eta, saioa amaitzeko, aktualitatea musikaz jantziko digu Iban Zalduak.

10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk. Magazinaren hasieran, astearen prentsa errepasoa egingo digute Jurdan Arretxek eta Mikel Garciak. Ondoren, Maria Carrerarekin (Jesus Carreraren ilobarekin) hitz egingo dugu. 1945ean fusilatu zuten Madrilen Jesus Carrera hondarribitarra eta haren gorpuzkinak Alcalá de Henaresetik etxera ekartzea lortu dute.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Ainhoa Azurmendirekin hitz egingo dugu kirolaz eta genero indarkeriaz, eta, 11:30 aldera, Ane Muñozen bizitza pasadizoak jasoko dugu.

12:00etan, asteburuan 'Amarauna' saioan landuko dituzten gaiak aurreratuko dizkigu Unai Urreagak. Ondoren, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta zinema-aretoetan ikusgai izango diren lanen berri ere emango dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

 

Informazio gehiago (1)