Itxi

Enpresari aberatsek

Euskal ardoaren merkatua ere txinatarrek eskuratu nahi dute

Ardoa zuzenean ekoitzi eta saldu aldera, txinatar eta errusiar enpresari aberatsek euskal mahasti eta upategiak erosteari ekin diote. Iparraldean badituzte eta Arabar Errioxakoak ere nahi dituzte.

Ardoa

Joseba Casado, Casado Morales upategiko jabea; Gonzalez Teso upategiko Jesus Gonzalez, eta Joseba Andoni Rementeria, sommelierra, Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan izan dira gai honen inguruko gakoak azaldu eta egungo ardo-salmentaren egoera zein den argitzen. Hortaz, Ardoa erosteko dirua eta baliabide handiak dituztenez, ‘Txinako merkatua guretzat arriskua baino gehiago, aukera bat da’, zehaztu dute.

Sakea betidanik izan dute txinatarrek edari kuttuna. Baina azkenaldian sakea alde batera uzten ari dira alkohol graduazio altuak izatean osasunerako duen eragina dela medio. Ordezko gisa, ardoa gero eta gehiago hedatzen ari da. Izatez, Txinako merkatuak euskadin egindako ardoan jarri ditu begiak. Txinako, eta baita Errusiako, enpresari aberatsek bertoko mahasti eta upategiak erosteari ekin diote edaria zuzenean ekoitzi eta saldu aldera, esportazioak errazago egiteko aukera ere ematen die eta.

Dagoeneko, mahasti asko eta askoren jabeak dira, munduan laugarren postua dute horretan. Frantzian soilik 50 upategi dituzte, horietako batzuk Iparraldean. Arabako Errioxa aldera ere hedatzeko asmoa dute.

Txinatarrek ardoa hiru eratara eskuratu izan dute azken urteotan. Lehenik kanpoan erosi eta bertan saldu baino ez zuten egiten. Gerora, ardo marka famatuen faltsutze asko egiten hasi omen ziren. Baina orain jabetu dira errazagoa zaiela prozesu osoa beren esku hartzea.

Audioak (1)