Gizartea
Lourdes Imaz (EHIGE): 'Eskola gero eta laikoagoa da'
Irailean hasiko den ikasturtean, EAEn batxilergoan erlijioa ikasten ez duten ikasleek, ikastetxean pasa beharko dute erlijioko klase horrek irauten duen ordubetea.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batxilergoan aldaketak izango dira datorren urtean, Espainiako Auzitegi Goreneko erabaki baten ondorioz. Irailean hasiko den ikasturtean erlijioa egiten ez duten ikasleek ikastetxean pasa beharko dute erlijioko klase horrek irauten duen ordubetea. Erabaki horrek haserrea eragin du institutu publikoetako zuzendarien artean, gurasoen elkarteetan eta baita Euskal Eskola Publikoen elkartean ere, izan ere, orain arte erlijioa egiten ez zuten ikasleak etxera joaten ziren ordu horretan. Aurrerantzean, Auzitegi Gorenak horrela aginduta, ikasgai alternatibo bat egiteko gelditu beharko dute, baina ikasgai alternatibo horrek ezingo du izan curriculumeko gaia, erlijiokoek galdu egingo luketelako bestela. Arazo honi irakasle berriak kontratatzeko erabili beharko den aurrekontua gehituz gero, kexu diren aldeek uste dute egoera berria ez dela izango bideragarria.
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan, Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzailea elkarrizketatu dute, eta Imazek adierazi du ez duela ondo ikusten Auzitegi Gorenaren erabakia, denbora galtzea iruditzen zaio, ordu horretan ezin delako curriculumeko gairik irakatsi. Ildo horretan, Imazek gaineratu du, ikastetxe bakoitzak erabakiko duela ikasketa 'alternatiboa' zein izango den.
Bestalde, EHIGEko koordinatzaileak azpimarratu du Euskal Eskola Publikoetako guraso elkarteek, ezta ikastetxeek ere, sekula ez dutela egin ildo honetako eskaririk, eta gai honetarako, 2 milioi euro zuzentzea, gehitxo dela irizten diote. Imazek azaldu duenez, gainera, eskola gero eta laikoagoa da, urtean urtean, gutxituz doa erlijioa irakasgai hautatzen duten ikasleek kopurua. Azken datuen arabera, EAEn batxilergoan, %2ak bakarrik hautatzen du erlijioa.