Elkarrizketa Euskadi Irratian
Leandro Azkue: 'Kuota berriak zapore gazi-gozoa utzi digu'
Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak irakurketa 'gazi-gozoa' egin du Europako Batzordeak ezarri duen espezien kuota berrien inguruan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Europako ministroen Arrantza Batzordeak ezarri duen espezieen kuota berriak eragin desberdina izango du euskal arrantzaleen artean. Alturako eta baxurako ontziei ezberdin eragingo die espezieen kuota berriak, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan azaldu duenez.
Iparraldeko uretan, Sole Handian eta Eskozia iparraldean, legatza, zapoa eta oilarra arrantzatzen duten Ondarroako alturako 16-17 arrantzontziak "nahiko ongi" atera direla esan du Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Legatzari dagokionez, % 11 gehiago harrapatzeko aukera izango dute, nahiz eta Bruselak kuota % 4 murriztea proposatu zuen.
Baina ez da berdina gertatu euskal kostatik hurbilago legatza, txitxarroa eta oilarra harrapatzen duten ontziekin, % 15 eta % 39 arteko murrizketa jasango baitute. Arrantza zuzendariak gaineratu duenez, oraindik zehazteko dago Estatuari egokitu zaion antxoa eta hegaluzearen kuotaren barne banaketa: "Hori da hurrengo urterako erronka".
Hegaluzearen egoera
Bestalde, gure kostaldetik desagertzen ari den hegaluzeaz ere hitz egin du Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Ikerketa egin dute eta ondorioen zain daude, baina, horren esanetan, 'hegaluzea urruntzen bada, arrantzaleek arrantzarako tresnak aldatu beharko dituzte'.
Arrantza zuzendariaren ustez, "txipa aldatu eta gaur egun ezagutzen ditugun tresnak, hegaluzea banaka kanaberarekin arrantzatzea, ez lirateke posible izango eta beste tresna batzuekin arrantzatzera joan beharko lukete, Europako beste arrantzaleek egiten duten bezala".