Itxi

Elkarrizketa

Erkoreka:"Kontsultari buruzko kontsentsua da garrantzitsuena, ez data"

G.U.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak errespetua eskatu du Katalunian abian den prozesurako, baina, halaber, Kataluniarekiko distantzia markatzea ezinbestekoa dela esan du 'Faktoria'n.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan adierazi du Urkulluk hauteskunde programan kontsulta 2015erako iragarri bazuen ere, hori aurreikuspen bat besterik ez zela. Legealdi honetan egiteari buruz esan du ez duela erraza ikusten, ezta ezinezko ere. Gauzak atzeratu egin dira, eta garrantzitsuena "kontsentsua lortzea" dela azpimarratu du. Legebiltzarrak bultzada handia emango balio, egin litekeela uste du. Batzuetan prozedurak arintzen dira, eta urratsak egiten dira, baina, horretarako, azpimarratu duenez, "borondate politikoa" behar da. Urkulluren programan zehaztutako lehen urratsa autogobernu ponentzia sortzea zela adierazi du, eta, bertan akordioa lortuz gero, eta erakundeen babesa izanda, etorriko litzatekeela berrespena.

Hasi berri den Kataluniako hauteskunde kanpainaren haritik, ordezkari jeltzaleak ezinbestekotzat jo du "Kataluniarekiko distantzia markatzea, nazio desberdinez ari garelako". Bakoitzaren egoera, iragana, tradizioa, egoera politikoa eta bideratu beharreko erronkak oso desberdinak direla esan du. Jaurlaritzak errespetu handiz begiratzen die Katalunian garatzen diren mugimenduei, estrategiei eta erabakiei, eta beste erakundeei ere errespetua eskatu die hango mugimenduarekiko. Haren hitzetan, boto-emaileek erabakiko dute nondik jo behar den. Kritikak egitea zilegi dela dio, baina ikuspuntu demokratiko batetik abiatuta. "Ezin da goitik beherako deslegitimaziorik egin", azpimarratu du Erkorekak. Hauteskundeen emaitzak datu ezinbestekotzat hartu beharko lituzketela ere uste du. "Independentismoak markatuko du kanpaina, eta, beraz, emaitzek esaten dutena ezin da baztertu".

Audioak (1)