Itxi

Saria

Torrealdai:"Beti talde-lana egin dut, eta saria elkarbanatu nahi nuke"

G.U.

Joan Mari Torrealdaik jasoko du aurtengo Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Minbizia gainditzen ari da, eta saria "pizgarri" zaiola aitortu du 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketan.

Joan Mari Torrealdaik "pozez" hartu du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eskuratuko duela jakitea. Garai zailenetatik hasita, euskara eta euskal kultura sustatzen egindako lanagatik saritu dute, eta gizartean erreferente bilakatu delako ere bai. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan hitz egin du kazetari, soziologo eta euskaltzainak, eta nabarmendu du bere lana sekula ez dela "bakarlana" izan, beti taldean aritu dela, alegia, eta besteekin batera egindako lana izanik, horrela "elkarbanatu" nahiko lukeela saria. "Gure garaiko lan mota gizarte zibiletik, herri ekimenetik abiatutako lana izanik, ni erreferente gisa hartzea interesgarri iruditzen zait, baina uste dut saria ez dela niretzako bakarrik", gaineratu du.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak azpimarratu du Torrealdairen lanak bat egiten duela sariaren filosofiarekin; izan ere, Manuel Lekuonaren kezka ez zen izan euskara eta euskal kultura ikertzea bakarrik, horiek biziaraztea ere baitzen, eta gizartean merezi duten lekua ematea, Torrealdaik egin duen bezala. Horri lotuta, adierazi du bere bizitzan hautaketa bat egin behar izan zuela: unibertsitatean lan on bat onartu, edo euskal kulturgintzaren edo euskalgintzaren baitan jarraitzea, eta bere lanarekin, bere lekuan, segitzea erabaki zuen. "Egia da horrek Manuel Lekuonaren bidearekin baduela halako antzekotasunen bat; are gehiago, baita oraingo Eusko Ikaskuntzaren bidearekin ere", esan du.

Torrealdaik aitortu du ez dela "ospitaletik atera zaharra". Hezurmuineko minbizia duela iragarri zuen apirilean, eta gaitzaren erroak 2003an 'Egunkaria Auzia'ren baitan atxilotu, torturatu eta espetxeratu izanari egotzi zizkion. 'Faktoria'n esan duenez, indartzen ari da pittinka: "Uste dut bide onetik noala; maratonianoak izan gara gu bizitzan, eta hau ere, nahiz eta luzea izan, uste dut gaindituko dugula". Saria jasoko duela jakitea "pizgarri" zaiola ere aipatu du euskaltzale ezagunak.

Albisteak (1)

Audioak (1)