Gaur
Gure Esku Dago eta punkaren 40. urteurrena, hizpide, 'Faktoria' saioan
G.U.
08:00etatik 10:00etara, Maite Artolak gidatzen duen albistegian, Angel Oiarbide elkarrizketatuko dute, eta Palmira hiriaren suntsiketaz arituko dira. 10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du hitza.
Gaur, 'Faktoria ' albistegiaren gai nagusietako bat izango da Gure Esku dago ekimena, Angel Oiarbide koordinatzailea elkarrizketatuko baitute. Gainera, Artxandako funikularraren 100. urteurrena izango dute hizpide, eta Palmira hiri historikoan ISIS egiten ari den suntsiketaz ere arituko dira. 10:00etatik aurrera, berriz, punk musikaren 40. urteurrena ekarriko dute Euskadi Irratiko uhinetara, eta urtebetetze festa pertsonalizatuak ere izango dituzte hizpide.
08:00etan hasita, Maite Artolak gidatzen duen albistegian, Artxandako funikularrak 100 urte betetzen dituen egunean bertan, Bizkaiko hiriburuko garraiobide ezagun horri buruzko erreportajea izango dugu entzungai. Eguzki Urteagaren, Mikel Aramendiren eta Hedoi Etxarteren solasaldiaren ostean, 09:00ak aldera, Angel Oiarbiderekin hitz egingo du Artolak, Gure Esku Dago ekimenaren koordinatzailearekin. Kataluniako hauteskundeak igaro berritan, horiei buruzko iritzia emango du Oiarbidek, eta, gainera, Beasainen egingo duten mahai-inguruaz ere hitz egingo du. Gure Esku Dago ekimenak eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak antolatuta, erabakitzeko eskubidea, kultura eta berrikuntza izango dituzte hizpide Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Jose Manuel Castells Zuzenbide Administratiboko katedradunak, Ixabel Olano Beasaingo Ikastolaren sortzaile eta andereñoak eta Oiarbidek berak.
09:30ean, aldiz, Palmira hiriaz arituko da Agustin Azkarate arkeologo eta EHUko irakaslea. Aste honetan bertan, 2.000 urteko garaipen arku bat suntsitu du bertan ISISek. Pixkanaka, hiriko ondare historiko guztia ari al dira eraisten? Zein ondorio izango du horrek? Azkaratek emango ditu azalpen guztiak.
10:00etatik 13:00etara, Manu Etxezortuk hartuko du lekukoa. Ohiko kolaboratzaileen ekarpenez gain, punk doinuak ere izango dituzte ardatz. Zenbaiten ustez, 40 urte bete ditu musika mota horrek, eta horri buruzko erreportajea izango dugu entzungai 11:00etatik aurrera. Josu Larrinaga eta Julen Azpitarte adituak bidelagun hartuta, punkaren sorreraz, garai hartako testuinguruaz, mugimenduaren atzean dagoen ideologiaz eta jarreraz hitz egingo dute. Sex Pistols, Clash, Ramones, Eskorbuto eta beste talde askoren musikarekin jantziko dute erreportajea.
12:00etan, berriz, Garazi Belokirekin hitz egingo dute. Bartzelonan bizi da, eta umeentzako urtebetetze festa tematikoak antolatzen ditu. Normalean, Disneyren filmetan girotutako jaiak izaten dira, eta horretan nola hasi zen eta zer moduz moldatzen den azalduko du.