Haur transexualak
Kiroletan, emakume eta gizon transexualek ez dituzte aukera berdinak
B.F
EiTB
Izaro Antxia genitale maskulinoekin jaiotako emakume kirolaria da. Kirolean, emakume transexualen eta gizon transexualen arteko aukera berdintasun falta nabarmendu du 'Faktoria'n.
Oraindik ofiziala ez den arren, ia segurua da atleta transexualek Joko Olinpikoetan sexua aldatzeko ebakuntza egin gabe parte hartu ahal izango dutela.
Transexualitate egoeran dauden pertsonak gizartearen esparru ezberdinetan dituzten eragozpenez mintzatzeko, Aingeru Mayor eta Izaro Antxia izan ditugu ‘Faktoria’n. Aingeru Mayor ‘Chrisallis’ haur transexualen elkarteko ordezkaria da et Izaro Antxia, ostera, genitale maskulinoekin jaiotako neska.
Izaro Antxia futbolaria da eta arazoak izan ditu federazio ezberdinekin. Katalogazioak emakumeen berdintasunean ere eragin garbia duela nabarmendu nahi izan du Izarok. Izan ere, emakume transexualen kasuan, testosterona neurri jakin bat izatea eskatzen zaie, neska edo mutilak diren ebazteko. Gizonezko transexualen kasuan ordea, nortasun agiriarekin nahikoa da.
Tolosako epaitegiak onartu berri duen Luziaren izen aldaketaz mintzatu da Manu Etxezotu Aingeru Mayorrekin. Honek adierazi duenez, haur transexualen kolektiboarentzat lorpen garrantzitsua da Tolosako epaitegiak onartutakoa.
Honez gain, haurren kirolaz mintzatu gara Izaro Antxia eta Aingeru Mayorrekin. Biek argi utzi nahi izan dutenez, haur transexualek hamaika oztopo gainditu behar izaten dituzte hainbat kirol federazioaetan. Mayorrek adierazi nahi duenez, kirol batzuetan sexua aldatzeko ebakuntza egin gabe izatea eragozpena da eta hainbat haurrek ezin izaten dute kirol hori praktikatu, 18 urte bete eta legez sexu aldaketa egiteko aukera izan arte.