Itxi

Pasaiako sarraskien urteurrena

Pello Aizpuru: 'Bertatik bertara fusilatu zituzten gure senideak'

B.F.

EiTB

Dionisio Aizpururen anaia, Pello Aizpuru, eta Rosa Jimeno elkarrizketatu ditugu 'Faktoria'n.

Pasaiako badiako sarraskiko 32. urtemugan, Poliziak amu gisa erabili zuen Dionisio Aizpuru Kurro hildakoaren anaia, Pello Aizpuru, eta Rosa Jimeno izan ditugu gonbidatu ‘Faktoria’n.

1984ko martxoaren 18an atxilotu zuten Rosa Jimeno Donostian. Izen faltsuarekin erregistratu zuten Rosaren atxiloketa Donostiako polizia-etxean. Tortura eta mehatxu bidez, Komando Autonomo Antikapitalistako kide zen Dionisio Aizpuru Kurrori deitu eta Pasaiako badian hitzordua egitera behartu zuen Poliziak.

Martxoaren 22ko gauean, Rosa Pasaiako badiara eraman zuten amu gisa. Rafael Delas Txapas, Jose Maria Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo, Joseba Merino eta Dionisio Aizpuru Kurro txalupa batean agertu ziren adostutako lekuan.

Une horretan, hankak sokaz lotuta zituen Rosak bultzada sentitu zuen eta lurrera bota zuten, pistolaz mehatxu eginez. Orduan, lehenengo tiroak entzun zituen Rosak. Ikusi ezin izan zuen arren, bertan fusilatu zituzten Rafael Delas Txapas, Jose Maria Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro, bertatik bertara, 113 tiroz. Aurretik, Joseba Merino identifikatu eta taldetik atera zuten. Bera izan zen Pasaiako sarraskian onik irten zen bakarra.

Komisariara eraman zuten Rosa gau horretan. Lagunak hilda ote zeuden galdetu zien poliziei behin eta berriz. Ezezko erantzuna jaso ostean, Joseba Merino gela batean sartzen zutela ikusi zuen Rosak. Orduan, “txarrena imajinatu nuen”, esan digu.

Egun bat geroago, bost lagunetatik lau hil zituztela jakin zuen Rosak. Berak kontatu digunez, denborak aurrera egiten duen arren, egun horretan gertatutakoak ez ditu inoiz ahaztuko. “Nik salatu nituen, eta hor daukat hori. Errudun sentimendu hori hor daukat oraindik”, esan digu, hunkituta. Honez gain, kartzelatik irtendakoan, hildakoen familiekin aurkitzeak eragin zion beldurraz mintzatu da Rosa.

Justizia bila

Aurten, hirugarrenez artxibatu du auzia Donostiako epaitegiak. Pello Aizpuruk esan digunez, helegitea aurkezteko asmoa dute biktimen senideek. Gainera, honako testua irakurri nahi izan digu, martxoaren 22ko gau hartan fusilatuta hil ziren lau lagunen omenez:

Martxoak 22. Ez dira 22, 32 urte pasa dira Pasaiako sarraskia gertatu zenetik.

32 urte. Baina ez ziren 32, 113 bala-zulo izan ziren gure lau senideei poliziak eragin zizkietenak.

113 bala-zulo. Hori baino askoz ere handiagoa izan da justizia eske isuri ditugun negar malkoen kopurua.

Justizia. Hori da urte luze hauetan eskatu eta, behin eta berriz, ukatu zaigun egia bakarra.

Egia. Egia izango da irekita dirauten zauriak sendatzen lagunduko digun erremedio bakarra.

Lagundu. Hau da, orain arte egin ez zaiguna. Ez epaileek, ez politikariek, ez komunikabideek… ez gaituzte babestu hau dena argitzeko.

Argia. Argia, itxaropena… Baina batez ere irmotasuna, tinkotasuna eta sendotasuna izango dira gure senideekin egin zuten bidegabekeria hura inpunitatean gelditu ez dadin erabiliko ditugun tresnak.

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)