Borja Olabegogeaskoetxea
'Greziara iristen diren errefuxiatuek beldur izugarria diote Turkiari'
B.F.
EiTB
Borja Olabegogeaskoetxeak abendutik darama Greziako Kios uhartean boluntario lanetan. Errefuxiatuek pairatzen dituzten tratu txarrez mintzatu da 'Faktoria'n.
Borja Olabegogeaskoetxea itsas salbamenduko boluntarioen arduraduna da, eta abendutik Greziako Kios uhartean lanean ari da. Europar Batasunak Turkiarekin sinatu duen akordioa indarrean sartu den egunean, kanporatu dituzten lehen errefuxiatuak kaleratzen ikusi ditu. 'Faktoria'n kontatu dizkigu bertan bizitakoak.
Europar Batasunak eta Turkiak ituna sinatu ostean, Grezian egoera jasanezina dela kontatu digu Borja Olabegogeaskoetxea itsas salbamenduko euskal taldearen buruak. Greziako Kios uhartean izan da boluntarioen talde euskalduna lanean, abendutik hona. Kioseko portuan ikusitakoen berri eman digu Borjak.
Gaur goizean, Kioseko portuko sarrerak itxi eta Poliziaren autobus batean 69 errefuxiatu ekarri dituztela kontatu digu Olabegogeaskoetxeak. Autobusetik zuzenean sartu dituzte errefuxiatuak Turkiara zihoan itsasontzi batean. Bertan dauden boluntarioen artean, ezjakintasuna eta ezinegona nagusitzen direla esan digu Borjak.
Beldurra eta ezjakintasuna nagusi
Salbamenduko laguntzaileak esan digunaren arabera, akordioa sinatu denetik, errefuxiatuak etortzen jarraitu dute. Gainera, mafiek errefuxiatuen krisian duten paper garrantzitsua gogorarazi nahi izan digu. Boluntarioek jakin ahal izan dutenaren arabera, Turkian bi milioi pertsona inguru dago Europara sartzeko zain. “Guk pertsonak ikusten ditugun arren, mafiek dirua baino ez dute ikusten”, nabarmendu nahi izan du Borjak. Pertsonako 1.000 euro eskatzen dituzte mafiek Turkiatik Greziara joaten laguntzeko, eta 4.500 euro Albaniatik Italiarako bidaia egiteko.
Errefuxiatuek Turkiara joateko beldur ikaragarria dutela esan digu Borjak. Bertan, “ostikoka mugiarazten dituzte eta ez diete jaten ematen”. Izan ere, itsasoan salbamendu operazioak egiten dituztenean, errefuxiatuen lehenengo hitzak Turkiara joan nahi ez dutela izaten direla esan digu.
digu. digu.