Itxi

Euskal presoen egoera

Urrusolo Sistiaga: 'Ardura kolektiboa da'

B.F.

EiTB

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eta Sortuk azken urteetan hartutako ibilbidea gogor kritikatu du Joseba Urrusolo Sistiaga ETAko kide ohiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETAren garairik gogorrenean, ‘Langile’ ezizena irabazi zuen Joseba Urrusolo Sistiaga militanteak. Izan ere, 16 urte egin zituen ETAko kideak klandestinitatean, eta 19 urteko espetxe zigorra bete du, 2016ko otsailaren 28an askatasun osoa lortu duen arte.

1997an espetxeratu zuten Joseba Urrusolo Sistiaga, 500 urteko kartzela zigorra jasota. Maite Artolak ‘Faktoria’n gogora ekarri duenez, Urrusolo Sistiagari leporatutako delituen artean, 80ko hamarkadan Madrilgo Telefonicaren aurkako erasoa, Ricardo Tejero Banku Zentraleko zuzendariaren hilketa, Madrilgo Republica Argentinako atentatua eta Diego Prado y Colon de Carvajal eta Emiliano Revillaren bahiketak daude.

1991n, 'Ekaitz' eta 'Levante' komandoen baitan, Alacanten, Guardia Zibilaren aurkako atentatuan parte hartu zuen Urrusolo Sistiagak. Urtebete geroago, 1992an, 'Bartzelona' komandoarekin egindako beste zortzi hilketatan ere inplikatu zuen epaileak.

1997ra arte espetxeratu ez zuten arren, 1994an hartu zuen Urrusolo Sistiagak ETArekin hausteko erabakia, autokritikaren bidea hartuta. Espetxean igarotako 19 urteetan, autokritika pertsonala publiko egin du preso ohiak, eta 'Langraitz bidea'ren aurpegi ezagunetako bat bihurtu da.

Aljerreko negoziazioetan kokatzen du Urrusolo Sistiagak ETAren inflexio-puntua. ETAko kide ohiak gogora ekarri duenez, Txomin Iturbe izan zen Aljerreko negoziazioen bultzatzaile nagusia, eta buruzagiak orduan egindako adierazpenekin bat datorrela esan digu. “Momentu horretan ez bagenuen irteera negoziatua lortzen, hurrengoa porrota izango zen”, esan du. Urrusoloren ustez, prozesu honen ondorengo ETA “desgaste prozesu batean” sartu zen.

'Langraitz bidea' eta presoen egoera

'Langraitz bidea' hartu zuen Urrusolo Sistiagak, Carmen Gisasola eta ETAko beste hainbat kide ohirekin batera. Horren esanetan, 'Langraitz bidea' Loiolakoa bukatu ondoren planteatu zen prozesua da. Bide legaletik joatea “aukera bakarra zela” uste zuen garai horretan, eta “borroka armatua bukatu eta egindako mina onartzea” erabaki zuen.

Norbere hausnarketatik hasita egin beharreko prozesua dela azpimarratu du preso ohiak ‘Faktoria’n. Berak 'Langraitz bidea' hartu zuenean, kanpotik positiboki baloratzen zela esan du, eta gaur egun ez dela modu berean ikusten. Gainera, Ezker Abertzaleko buruzagiek plazaratzen dituzten mezuek presoen egoerari mesede gutxi egiten diela adierazi du: “Ezin da jarraitu esaten independentziarekin desaktibatzea lortuko dela. Presoen senideei egia esan behar zaie, legeak ez direla aldatuko”.

ETAk presoak legearen menpe utzi dituela eta preso asko “beste irtenbiderik gabe” daudela gaineratu du. Sistiagaren iritzian, Sortuko eta EPPK-ko “batzuk tematu egin dira ETAren jarrera muturreraino eramaten”. Egoera honetan, egin beharrekoak finkatzea “oso zaila” dela nabarmendu du. “Urtero manifestazio bat egitea oso garrantzitsua da presoen familiak babestuta sentitzeko, baina hori ez da nahikoa”, adierazi du Ezker Abertzalearen jarrera kritikatuz.

Sortuk hartu duen ibilbidea ez du begi onez ikusten ETAko kide ohiak, eta “Sortu legalizatu zuteneko pausoak betez gero” bide egokia hartuko luketela esan digu. Horren ustez, presoen arazoa komunikabide, politikari eta prozesuan parte hartu duten eragile guztien “auzi kolektiboa” da, eta urte askoko zigorra duen gazte batek ez du Ezker Abertzalearen inguruko politikari eta egunkariek baino ardura handiago edo gutxiago.

Bideoak (1)

Audioak (1)