Itxi

Indarkeriaren biktimak

Etorkizuna eraikitzeko lekukotzak

B.F.

EiTB

ETA eta indarkeria polizialaren biktima diren Ibai Korta, Jon Doral eta Ane Muguruzaren testigantzak jaso ditu Maite Artolak 'Faktoria'n.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Hedabideak eta Bakea eta Bizikidetza Jardunaldien baitan, indarkeriaren biktimen inguruko saio berezia egin dugu ‘Faktoria’n. ETA eta indarkeria polizialaren biktima diren Ibai Korta, Jon Doral eta Ane Muguruzaren testigantzak jaso ditu Maite Artolak.

Indarkeria aztertzeko moduaren inguruko hausnarketa egin dute hirurek. Bizitakoak oso bestelakoak izanda ere, ondorio komun batera iritsi dira hirurak: horrelakorik berriz gerta ez dadin, bizipenak elkarbanatu eta gorrotoa eta mendeku gosea alde batera utzi behar dira.

Ibai Korta

Familia-enpresan lanean zegoela harrapatu zuen Ibai Korta aitaren hilketak. ETAk auto batean jarritako bonbak hil zuen Joxe Mari Korta bere enpresako atarian, 2000ko abuztuaren 8an.

Ibai Korta semeak ‘Faktoria’n gogora ekarri duen moduan, “egoera traumatikoa” izan zen egun horretan bizitakoa. Bera eta bi anaiak lanean zeuden egun horretan, eta berehala jabetu ziren aitaren kontrako erasoaz.

2003an, Xabier Makazaga eta Ibon Etxezarreta ETAko kideek Joxe Mari Korta "iraultza zerga" ez ordaintzeagatik hil zutela argudiatu zuten epaiketan. Adierazpen horiei tiraka, ETAk hilketak justifikatzeko erabiltzen dituen argudioak beti “zentzugabeak” direla esan du Ibai Kortak.

Hala ere, gorrotoa alde batera utzi eta elkarrizketaren bidetik aurrera egitearen garrantziaz mintzatu da Ibai Korta. Azken hausnarketa gisa, muturreko jarrerak baztertu eta “erdiko bideak” aurkitu behar direla esan digu ‘Faktoria’n.

Ane Muguruza

Madrilen tiroz hil zuen poliziak Josu Muguruza, 1989ko azaroaren 20an. Ane Muguruzak ez zuen aita ezagutzeko aukerarik izan, eta egunero aitaren gauza berriak deskubritzen dituela esan digu ‘Faktoria’n.

Urte luze hauetan zehar, Josu Muguruza “Estatu indarkeriaren biktima dela aitortzea” izan da familiaren helburu nagusia. Anek gurean esan duenez, alde bakarreko “sufrimenduaren monopolioan” bizi izan gara urteetan, indarkeria polizialaren biktimen gaia isilaraziz. Sarritan, alde honetako biktimen sufrimendua justifikatzen saiatu eta “merezitako sufrimendua” dela esan izan dutela gogoratu du Ane Muguruzak.

Aita ETAren ingurukoa zela argudiatuz, indarkeriaren biktimei ematen zaien laguntza ukatu zion Auzitegi Nazionalak Josu Muguruzaren familiari. Emandako argudioa ezezkoa bera baino gogorragoa izan zela esan digu Muguruzak.

Urteetako borrokak egin dion onuraz ere mintzatu da Josu Muguruzaren alaba. Aitak “familian, lagunartean eta militantzian” egindako ekarpena ezagutzea izan da Anerentzat bide luze honetan aurkitutako altxorra.

Jon Doral

13 urte zituen Jon Doralek ETAk Montxo Doral hil zuenean. Leihotik begiratu eta kalea itxita zegoela ikusi zuen Jon gazteak. Minutu batzuk geroago, telebista piztu eta teletestuaren bitartez jaso zuen aitaren hilketaren berria.

Aitaren hilketak eragindakoak kontatzeko asmoz, Reconciliación dokumentalean hartu du parte Jon Doralek. ‘Faktoria’n esan duenez, “aurrera egin daitekeela” argi utzi nahi izan du orain arte egin dituen agerraldi guztietan. Modu berean, “Euskal Herriak sufritu duena” gogoratu du Doralek, eta ideologia ezberdina izateagatik jendea hiltzea “ez dela bidea” gogoratu nahi die gaurko gazteei.

p>

Bideoak (1)

Audioak (1)