Itxi

Dokumentala

'Euskal Balezaleen Triskantza' ezagutu dugu ‘Faktoria’n

Eñaut Tolosa zinemagilea eta Beñat Iturrioz arkeologoa gurean izan dira, Euskal Balezaleen Triskantza dokumentala aurkezten.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Euskal Balezaleen Triskantza dokumentalak XVII. mendean Islandian gertatutako sarraskia du oinarri. Iaz bete ziren 400 urte, Islandian bale-arrantzan zebiltzan 32 euskaldun hil zituztela. Bale harrapaketan zebiltzala, ekaitz baten ontziak txikitu zizkien eta Ozeano Atlantikoko uhartean gelditu behar izan ziren euskal arrantzaleak. Agintariekin arazoak izan ostean, herriko sheriffak tiroz hiltzea agindu zuen. Beñat Iturriozek kontatu digunez, euskaldunak aitzindariak izan ziren Islandian mota honetako arrantza egiten. Lehenengoak izateagatik pairatu behar izan zuten, besteak beste, bortxaketa eta lapurreta delituak egoztea.

Euskal Herrian ezezaguna den istorio hau, Islandian azken mendeetan gertatutako sarraskirik handiena dela esan digute gonbidatuek. Eñaut eta Beñatek Islandian bizi den gipuzkoar baten bitartez ezagutu zuten balezaleen istorioa. Gerora, dokumentuaren narrazioa abiatzeko, XVII. mendean euskal arrantzaleekin harremana izan zuen poeta islandiar baten kronikak hartu dituzte oinarritzat.

Eñaut Tolosak kontatu digunez, 1615ean gertatutakoak kontatzeko animazioa erabili dute. Aurrekontua nabari murrizteaz gain, ilustrazioarekiko duten zaletasuna izan da hautu honen arrazoi nagusia. Gainera, zuzendariak esan digunez, marrazki bizidunen erabilpenak “kontakizun askeagoa” egiteko aukera eman die.

Orain arte, Deba eta Orion aurkeztu dute ikus-entzunezko pieza. Tolosak esan digunez, aretoak betetzeaz gain, eztabaidarako tartea ireki du euskal arrantzaleen istorio bitxi honek.

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)