Izeba proiektua
Izeba: 'Guretzat sinplea den egunerokotasuna berezia da beraientzat'
20 boluntario behar dira une honetan, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzetan bizi diren adingabekoekin izeba-osaba papera betetzeko
Your browser doesn’t support HTML5 audio
IZEBA proiektua 2009an jarri zuten martxan Gipuzkoan, Foru Aldundiak eta Baketik Fundazioak elkarlanean. Harrera etxeetan dauden haur eta gaztetxoekin aisialdiko planak giro goxoan egiteko eta gizarteratzen laguntzeko, izeba-osaba papera betetzea du oinarrian. Ia 300 adingabe bizi dira Foru Aldundiak dituen harrera etxeetan, eta gaur egun 20 boluntario behar dira beraiei ordu batzuk eskaintzeko, "izeba" edo "osaba" izateko.
Elixabete Rikondo eta Nere Erkiaga "izebek" beraien esperientziaren berri eman digute Euskadi Irratiko 'Faktoria'n. "Erabat gomendagarria eta aberasgarria da. Bi aldeek asko ematen diogu elkarri", esan digute. Parkera joan, "Cola Cao" bat hartu, etxeko lanak egiten lagundu... bi aldeen artean adostutako planak egiten dituzte. Astean behin izaten dira guretzat, gure egunerokotasunean, arruntak iruditzen zaizkigun planak, baina "gure eguneroko bizitza sinplea beraientzat ez da ez egunerokoa ezta sinplea ere", Elixabetek eta Nerek adierazi digutenez.
Esperientzia erabat gomendagarria dela esan dute bai Elixabetek bai Nerek, eta harrera etxeetan etengabe egiten den lan izugarria goraipatu dute. Zalantzak dituenari informazioa eskatzea gomendatu diote, eta "inork ez dezala pentsa behin erabakia hartuta bakarrik uzten zaituztela. Etengabeko jarraipena egiten dute beraiek dituzten tutoreek". Elixabetek eta Nerek argi utzi digute merezi izan duela "izeba" izateko erabakia hartu izanak: "Hasieran beldur pixka bat izaten da, baina azkar gainditzen da, eta zoragarria da. Oso aberasgarria!".