Itxi

Galdeketa

Ekainaren 5ean, erabakia 'Gure Esku Dago'

Gure Esku Dago ekimenak bultzatuta, herri-konsulta egingo da igandean 34 herritan, lanerako prest diren hiru boluntariok Faktorian azaldu digutenez.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

2013an aurkeztu zutenez gero, gogoan ditugu 2014ko giza katea eta iazko hautestontzi erraldoi haiek. Ikusgarriak ziren boto kutxak, baina ez ziren ikusteko egin, erabiltzeko eta erabakitzeko baizik. Oraingoan, beste urrats bat eman eta 34 herritan erabili daitezen, boto kutxak prest ditu Gure Esku Dago ekimenak. Ehundaka boluntario arituko dira lanean, horien artean, Andoni Mikelarena Goierriko Gure Esku Dago-ko kidea, Beñat Arregi Aramaioko batzorde sustatzaileko presidentea eta Nahia Laka Ispasterko herri kontsultarako boluntario lanetan ari den kidea.

Boluntarioek Euskadi Irratiko 'Faktoria'n azaldu digutenez, Berme Batzordea eta 80 pertsonako Jarraipen Batzordea sortu dituzte. Abokatu eta legelariz osatutako taldeak, galdeketa horiek berme juridiko guztiekin eta galdeketa prozesu osoaren zilegitasuna bermatuz gauzatzeaz arduratuko da. Berme Batzorde sendo batek, herriz herri lanean ari diren jarraipen batzordeek eta begiraleek (hemengoak nahiz nazioartekoak) ere bermatuko dituzte galdeketak.

Goierrin (23 herri), Debagoienan (8 herri), Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren izango dira galdeketak igande honetan. Dimako eta Bakaikuko herrietan, orain baino herri galdeketarako baldintza hobeak eskaini asmoz, deialdia azarora atzeratzea erabaki dute. Beraz, 34 herritan erabakitzeko eskubidearen gauzapenerako lehen olatua jarriko da abian.

2017rako galdeketa iragarri dutenen artean daude: Oarsoaldea, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Uribe Kosta, Usurbil eta Hernani. Hala ere, bigarren olatura batuko direnen zerrenda hazten joango dela aurreikusten du erakundeak.

 

 

Albisteak (1)

Audioak (1)