Itxi

Faktoria

'Elkarrekin esnatzeko ordua', Kirmen Uribe

Udazkenean plazaratuko du bere hirugarren eleberria idazle ondarrutarrak, eta Agirre lehendakaria izango du pertsonaietako bat. Izenburua aurreratu digu Uribek Faktorian: Elkarrekin esnatzeko ordua.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

75 urte pasatu dira Agirre lehendakaria Berlinen ibili zenetik, Espainiako Gerra Zibila Francok irabazita herbestera egin baitzuen ihes Agirrek. Estatu Batuetara iritsi aurretik, Berlinen egin zituen lau hilabete, mozorrotuta. Gezurretako bibote eta betaurrekoekin.

75. urteurren hori gogoan, Agirre lehendakariaren urtea izendatu dute 2016a eta, testuinguru horretan, hitzaldia emango du gaur Berlinen Kirmen Uribe idazle bizkaitarrak. Euskadi Irratiko Faktorian aurreratu digu, Agirre lehendakaria dela besteak beste, udazkenean plazaratuko duen bere hirugarren eleberriaren pertsonaietako bat. Gehiegi aurreratu ezin duela esan digun arren, nobela baten idazketa prozesuaz arituko da hitzaldian, eta pertsonaia historiko bat fikzioan nola uztartzen den azaltzen saiatuko da.

Hitzaldia goizean izango da Berlingo Humboldt Unibertsitatean eta ondoren, arratsaldean, Zaldiak eta beren itzalak zuzeneko emanaldia eskainiko du Mikel Urdangarin abeslariarekin batera Maxim Gorki antzokian.

Bere hirugarren eleberriari dagokionez, Kirmen Uribek aurreratu digu Euskadi Irratiko Faktorian Elkarrekin esnatzeko ordua izango dela bere izenburua, eta aldi berean lau hizkuntzetan plazaratuko da: Euskaraz, gazteleraz, galizieraz eta katalanez.

Albisteak (1)

Audioak (1)