Itxi

Gizartea

Asier Otxandio: 'Alkohola sozialki beharrezkotzat hartzen da'

Kalean edaten aritzen diren gazteekin bitartekari lanetan izan dira Bilboko Udalean lanean diharduten hainbat gazte. Horietako batekin eta zurrutean aritzen den gazte batekin hitz egin dugu.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Ostegun, ostiral eta larunbat gauetan ateratzen dira. Gaueko hamaiketan hasi eta goizaldeko hiru eta erdiak arte, kalez kale ibiltzen dira, kalean zurrutean edo litroak egiten ari diren gazteekin hitz egiteko. Bitartekari lanetan aritzen da Asier Otxandio. 26 urte ditu, eta Bilboko Udalean egiten du lan. Olatz Hernandez, berriz, 20 urteko gaztea da, eta kalean edaten duen gazteetako bat da. Biek eman digute beraien testigantza Euskadi Irratiko 'Faktoria'n.

Egungo legedia, zarata, bizilagunen iritzia, zikinkeria, isunak... guztia izaten dute hizpide bitartekariak hurbiltzen zaizkienean. Olatzek kontatu digu beraiek ere eskertzen dutela norbait gerturatzea beraiekin hitz egiteko; batez ere, beraiei entzuteko. Balizko konponbideak bilatzerako orduan, ideiak eta proposamenak ematen dituzte. Olatzek kontatu digu 16 urtetik beherakoak ere izaten direla kalean zurrutean, eta, gehienetan, diskoteka edo tabernetara sartu baino lehen "tonua hartu" eta motorrak berotzeko edaten dutela. Sozialki "normaltzat" hartzen den ohitura bat dela esan digu Asierrek. Hori da, hain zuzen ere, Asierren ustez, gizartean dagoen arazoetako bat: "Alkohola sozialki beharrezkotzat jotzen da. Pozik zaudenean, ospatzeko, eta triste zaudenean, alaitzeko".

Bilboko Udalak martxan jarritako programa hau asteburu honetan bukatuko da, herri eta hirietako jaiak hasiko direlako aurki. Hurrengo asteburuaren ostean, lehen ebaluzioa egiteko unea iritsiko zaie, Asierrek Euskadi Irratiko 'Faktoria'n kontatu digunez.

Audioak (1)