Deustu Arraun Taldea
Larunbat honetan lehiatuko da Bizkaiko emakumezkoen lehen trainerua
Irati Nanclares de la Oca arraunlaria: "Emakumezko estropada guztiak Gipuzkoan egiten dira. Inportantea da Bizkaian egitea"
Gogotsu eta ilusio handiarekin espero dute larunbateko hitzordua Deustu Arraun Taldeko emakumeek. Beraien lehenengo estropada izango da eta arraun-talde handien aurka lehiatuko dira: Orio, San Juan, Ibaika... Lehendabiziko estropadan paper ona egitea espero dutela esan digu Irati Nanclares de la Oca arraunlariak.
Betidanik erakarri izan du arraunak Irati, eta kirol hau egitera ausartzen ez diren emakumeak animatu ditu parte hartzera. "Oso gogorra dirudi kanpotik, baina, azkenean familia moduko bat da taldea. Giroa eta harremana oso bereziak dira", gehitu du. Arraunean ari zarenean, gainera, zorabiorik ere ez da nabaritzen. Bilboko emakumezko lehen ikurrinaren ibilbidea, ziaboga batekoa, Bilboko udaletxetik irtengo da, Deustuko zubitik pasako da eta buelta egingo du udaletxera.