Esne Beltza, Esna 2
Xabi Solano: "Cabacasi eskainitako kantua da arrakastatsuena"
Esne Beltzak bere azken lanaren bigarren diskoa kaleratu berri du, Esna 2. Xabi Solano taldeko abeslaria izan dugu Faktorian diskoaren xehetasunak eta taldearen ibilbideaz.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Esne Beltzak Durangoko Azokan kaleratu zuen "Esna" diskoa osatu du bigarren zati honekin. Lehena intimoagoa bazen, berri hau aldarrikapenak eta salaketak egiteko erabili dute.
Zazpi kantek osatzen dute diskoa eta bi ekoizlerekin grabatu dute. Laurent Dupuy ekoizle frantsesa, batetik, Alpha Blondy edo Raggasonic taldekin lan egindakoa eta bi Grammy irabazitakoa Angelique Kidjo-rekin egindako lanarengatik, eta Jeremy Garat, bestetik, Sohütako musikari eta ekoizle gaztea. Lehen aldia zen halakorik egiten zutela, izan ere, orain arte, taldeak berak produzitzen baitzituen diskoak. Esperientzia aberasgarria izan dela aitortu du Solanok, zaila izan den arren, emaitza landuago bat lortu dutelako.
Hainbat kolaborazio izan dituzte, eta bakoitzak bere hizkuntzan abestea gustatzen zaio abeslariari, "instrumentuak bezala, hizkuntza ezberdinek ere kolorea ematen diote kantuei", esan du. Balkan musikako punta puntako Fanfare Ciocarlia taldearekin grabatu dute Herri Urratseko aurtengo edizioko kanta, Jalgi. Zaila izan da agendak bateratzea eta Hong Kong-en grabatu du talde errumaniarrak bere partea.
Taldea inoiz baino hobeto ari omen da zuzenekoetan eta hala ibiliko dira udan ere. Badajozen dute hurrengo zita garrantzitsuena, Grani Rock jaialdian. Horrez gain, herriz herri ibiliko dira udan Euskal Herrian zehar.