Itxi

Argazkiaren istorioa

A.Gurrutxaga:"Semea han hil zenetik, lotura sentitzen dut Nepalekin"

Arantxa Gurrutxagak semea Pumori mendian galdu zuen duela 15 urte. Semearen azken argazkiaren bidez Suka txikia ezagutu zuen, istorio hunkigarri bati hasiera emanez. Faktorian ezagutu dugu.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Askok gogoan izango duzue duela 15 urte Pumori mendian izan zen istripu larria. Elur jauzi batek azpian harrapatuta hil ziren Aritz Artieda, Javi Arkauz, Cesar Nieto, Iñaki Aiertza eta Beñat Arrue, 22 eta 27 urte bitarteko 5 gazte. Etxarri, Lakuntza, Iruñea, Aizarnazabal eta Aizarnako gazteak. Arantxa Gurrutxaga Beñat Arrueren ama da, eta harekin hitz egin dugu 'Faktoria'n. Bere semea hil ostean, Nepalera jo zuen hurrengo urtean, eta Suka ezagutu zuen.

2001en Beñat istripua izan baino egun batzuk lehenago, Beñat eta bere taldea aklimatazio bezala gelditu ziren Sukaren herrixkan. 3 bat urteko neskatxa zen Suka. Ezbehar berean hil zen Iñaki Aiertzaren kamera berreskuratu zuten istripuaren ostean, eta argazki batean ageri zen Beñat Suka besoetan zuela. "2002n ezbeharra izan eta hurrengo urtean gu joan ginen semearen azken argazki harekin. Eta herrixkaren inguru hartan Suka ezagutu genuen". Geroztik, behin baino gehiagotan izan dira Nepalen baina aurtengoa gogorragoa izan da.

"Suka ez genuen ikusten herrixkan. Bere aitari galdetu eta familia bizi den txabolara sartu ginen. Han ikusi genuen txabolan, mahai baten gainean koltxoi zahar bat bota eta tapa-tapa eginda, hitz ere ez zuen egiten, irribarrerik ez. Giltzurruneko minarekin egon zela esan zigun aitak, lehen tratamentua egin zuten baina, gerora, dirurik ez zuten ordaintzeko", azaldu digu Gurrutxagak. "Katmandura nola eraman aztertzen hasi ginen, ezin baitzen zaldi gainen mugitu zegoen bezala. Helikopteroa denon artean ordaintzea erabaki genuen. Bi mila dolar ordaindu genituen, eta, handik, ospitalera eraman zuten". Tratamentua jarri diote bertan, pneumonia baitzeukan. Giltzurrun trasplantearen zain dago orain. "Suka alaba bezala sentitzen dut, nire zati bezela", nabarmendu digu.

Igande honetan ibilaldi neurtua egingo da Aizarnan, "Beñat-Benantxio ibilaldia". Benantxio Irureta Beñaten mendi irakaslea izan zen eta mendian hil zen hura ere duela urte batzuk. Pumoriko ezbeharraren 15. urteurrenean biak oroituko dituzte. Sukari laguntzeko aukera ere egongo da.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)