Kirola eta emozioak
Leire Agirrezabala: 'Lehen ibiltzen nintzen moduan ez naiz itzuliko'
Kirol munduan gutxitan entzuten den testigantza jaso dugu. Leire Agirrezabala mendi lasterkariak garai onenean zenean eta etorkizun oparoa aurrean izanda, uztea erabaki zuen, ez zuelako gozatzen.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Kirol munduan gutxitan entzuten den testigantza jaso dugu 'Faktoria'n. Leire Agirrezabala mendi lasterkariak garai onenean zenean eta etorkizun oparoa aurrean izanda, uztea erabaki zuen, ez zuelako gozatzen. 2013ko maiatzean 'erronka bat bezala bukatzera joan' eta Euskal Herriko mendi erronka irabazi zuen. Horrek espero ez zuen soka ekarri zion. Euskal Herriko selekzioaren deia, Espainiako kopako txapeldun, munduko kopako lasterketetan aurrean… 'Nik uste ez nintzela konsiente, ez duzu denborarik dena barneratzeko. Ez zen nire helburua, eta helburu jakinik gabe dena etorri zen', gogoratu du.
Urte hartan izugarri gozatu zuen baina 2014an guztia aldatu zen. 'Naturaltasun hori, 2013an nuena, helbururik gabe joatea, bukatu egin zen. Denak zuri begira, jendeak espero zuen hor aurrean egotea. Horrek ez zidan ilusiorik egiten. Denek espero dutenez garaipena inguruan, zu ere hasten zara horri bueltak ematen eta ez nintzen eroso sentitzen' gogoratu du.
2014 urteak aurrera egin ahala, egoerak okerrera egin zuen. 'Beldurra hartu nion lehiari, antsietatea sortzen zidan. Behin baino gehiagotan irteera puntura joan eta ez nintzen atera lasterketetan'. Garipenak lortu zituen, baina ez zuen gozatzen. 'Ez nintzen nire onena emateko gai, eta irabazteak ez zuen zentzurik gozatzen ez banuen'.
Azkenean mendi lasterketak uzteko erabakia hartu zuen. 'Nik hau ez badut nahi, zertarako jarraitu behar dut!" esan digu. Uste du kirola eta emozioen arteko lotura gehixeago landu beharko litzatekeela. Etorkizunera begira ez du baztertzen lasterketaren batean parte hartzea baina 'lehen ibiltzen nintzen moduan ez naiz itzuliko', zehaztu du. Gozatzen jarraitzea da bere helburua. Horrela opa dizugu guk ere Leire!