Itxi

Argazki estenopeikoak

Nagore Legarreta: 'Nire burua ikusten dut argazki bakoitzean'

Latorrizko ontziekin osatutako argazki kamera estenopeikoarekin atera ditu Hysteron bildumako hamabi argazkiak: emakume identitateari buruzko itaunak zuri-beltzean

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Nagore Legarreta Hernaniko Kronikan hasi zen argazkilari eta kazetari lanetan. 2009ra arte aritu zen bertan, guztira sei urtez. Iritsi zen momentu bat, baina, argazkilaritza lana baino gehiago bihurtu zitzaiona eta irudiak ateratzeko makinari buruzko zirrikitu guztiak ikasteko grina piztu zitzaion. Eta grina handituz joan zen. Hitza utzi, eta bizimodua irudietara bideratzea erabaki zuen. Hasieran, teknikan murgildu zen buru belarri. Baina, behin hori kontrolatzean, "gauzak komunikatzearen alderdiari erreparatzen diozu, hori da niretzat interesgarriena", 'Faktoria'n kontatu digunez. Hala ere, Legarretak argazkiak ateratzeko erabiltzen dituen kamerak deigarriak dira oso. Latorrizko ontziekin, esaterako, kamera estenopeikoak osatzen ditu, kamera ilunak deitzen direnak.

Hysteron izeneko argazki bilduma osatzeko bost kiloko hegaluze latak erabili ditu. Lau zulodun kamerak dira. Bildumako irudietan emakumeen gorputz zatikatuak fusionatuak agertzen dira. Hamabi argazki dira, guztira. Argazkiotako fusioak kamerak ematen ditu, konposaketa kamerak berak ematen du. Ez dira argazki oso erosoak. Garai oso deseroso batetik sortutako argazki-lana dela aitortu digu Nagorek, ikerketa personal batetik, buruaren barrura egindako ikerketa… Nor zaren emakume bezala, harremanei buruzko gogoetak... eta gogoeta horretatik bizirik ateratzeko modua argazki hauek ateratzea izan zen, "zapatiletan nituen harriei begiratzeko" modu bat.

Kamera estenopeiko bat ikustean, haurrak, batez ere, txunditu egiten dira. "Analogikoa zer den ez dakite", dio Legarretak, "haurrak saltoka ikusi ditut kuboaren aurrean. Zaila da libratzea honetatik. Horrelako zerbait berezia erabiltzen duzunean jendea ontziarekin geratzen da eta argazkiari ez dio horrenbeste erreparatzen. Nire erronka da hori gainditzea, ontziekiko lilura gainditzea. Gustatuko litzaidake argazkiek berek funtzionatzea", diosku Nagore Legarretak.

Orain beste garai batean dagoela esan digu. Bizitzak zikloak dituen bezala, uzkurtze eta zabaltze zikloetan bizi gara eta. Orain Hysteron bilduman islatzen den uzkurtzu fasea pasa ostean, zabaltze aro bat bizi du. Eta zuri-beltzetik kolore bizi-bizietara pasa da, laranja fluoreszentera. Edozein fasetan dagoela ere, "nire burua ikusten dut argazki bakoitzean", kontatu digu. Azken aldian poxpolo-kaxekin egindako kamera estenopeikoekin Indian ibili da, argazkiak ateratzen, koloreak eta argia irudietara ekartzen.

Maiatzean Nagore Legarretaren lana ikusteko aukera izango da Oñatiko Argazki Jaialdian eta Iruñeko Katakraken. Maiatzaren 13an, berriz, familientzako kamera estenopeiko tailer bat eskainiko du Donostiako San Telmo Museoan.

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)