Itziar Ituño
'Jasotako elkartasunarekin geratzen naiz; ez lau burubakoren kanpainarekin'
Aktoreen egoeraz aritu dira Itziar Ituño eta Joxean Bengoetxea; Madrilen ari diren euskal aktoreen egoeraz eta, orohar, telebista, zine eta antzerkian ari diren profesionalez.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aktore lanetik bizi ahal izatea gero eta zailagoa dela berretsi dute Itziar Ituño eta Joxean Bengoetxea aktoreek 'Faktoria'n. Estatuan ari diren aktoreen % 8 bakarrik bizi dira lanbidetik eta urtean, bataz beste, 12.000 euro jasotzen dituzte. Aktoreen hirutik batek, gainean, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten du, pobreziaren mugaren azpitik. Bengotxearen arabera, "lanbidea, zainketa berezien unitatean dagoela erakusten duten datuak dira".
Datu horiek kontuan hartuta, ate guztiak zabaldu beharra dauzkate aktoreek, eta alde horretatik, plaza inportantea dute Madril. Bai Ituño, bai Bengoetxea, punta-puntan ari dira, eta elkartasun eta babes osoz hartu ditu bertako komunitate profesionalak; baita aste honetan Ituñoren kontra sare sozialetan lehertu den boikot kanpainaren ondotik ere. "Jaso dudan maitasun guztiarekin geratzen naiz", zehaztu du Ituñok, "eta ez lau burubagok egin duten kanpainarekin". Bengoetxeak aktoreen kontra botereak ohikoa duen jarrera baztertzailearen testuinguruan kokatu ditu presio horiek: "Aktorea ohituta dago bufoia izaten. Eta askotan ateratzen gara kakaztuta. Baina azkenean, elkartasuna nagusitzen da".