EUSKARAREN ERABILERA
‘Euskararen erabileraren jaitsiera garrantzitsua eta kezkagarria da’
Atzo kaleratu zituen euskararen kale erabilera datuak ‘Soziolinguistika Klusterrak’. Datu txarrak dira, bost urtean puntu bat pasatxo jaitsi baita euskararen erabilera. Datuen analisia egin dugu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
‘Soziolinguistikako Klusterrak’ kaleratutako datuen errepasoa egin dugu. Argi-ilunak dauden arren, datuak, oro har, ez dira onak. Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen bada, euskararen erabilera puntu bat baino gehiago jaitsi da azken bost urteetan. Nafarroan, Araban, Baxenafarroan eta Zuberoan zertxobait hobera egin duen arren egoerak, ez da aldaketa nabarmenik eman; gainontzeko lurraldeetan esanguratsua izan da euskararen erabileraren jaitsiera.
Kike Amonarrizek azaldu digu ez zituela datu hauek espero. Igoera nabarmenik aurreikusten ez bazuen ere, jaitsierak harritu du. Esan digu jaitsiera garrantzitsua eta kezkagarria dela. Hala ere, testuinguru hau baliatu genezakeela ere nabarmendu du, euskalgintza esparru ezberdinetara zabaltzeko abagune gisa.
Inertziak puskatu eta euskararen aldeko praktika errealak defendatu ditu Amonarrizek. Hizkuntza politikei astindu bat emateko beharraz ere mintzatu da. Hezkuntzatik kanpo euskarak dituen erronkak nabarmendu ditu. Euskararen geroa hezkuntzatik kanpo jokatzen ei da, eta ez hainbeste ikastetxe barruan.