Denis Itxaso
'Eskola kirolaren arau berria irailerako prest egongo da. Dudarik gabe'
Futbol Federazioarekin desadostasunak baretu eta "sintonia ona" berreskuratu dutela dio eta egindako lana ez zapuztea espero duela adierazi du
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Dudarik gabe" irailerako prest izango du Gipuzkoako Diputazioak eskola kirola arautuko duen arau berria eta haurrek, beraz, aldaketekin hasiko dituzte kirol-jarduerak, lehen hezkuntzako lehen mailatik hasita.
Arau proposamenak sortu zituen desadostasunak baretu direla esan du Denis Itxaso Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirol diputatuak Faktoriari eskainitako elkarrizketan eta Futbol Federazioarekin "sintonia ona" berreskuratu dutela. "Espero dugu sintonia horrek", zehaztu du, "egin dugun lan guztia ez zapuztea".
Azpimarratu du haurra eta haurraren hezkuntza jarri dutela arauaren erdigunean eta "futbolak osatzen duen ekosistema bereziak" ulertu egin beharra daukala hori. "25 urte daramatza eskola kirolak Gipuzkoan eta inork ezin du esan urte hauetan eskola kirolak Gipuzkoari kalte egin dionik. Futbolean talentua badugu, eta badakigu hezten eta esportatzen. Harrobi ona daukagu. Baina beste kirolei ere egin behar diegu kasu", iritzi dio.
Eskola kirolaz gain, turismoaz ere aritu da Denis Itxaso. Adierazi du ekaineko datuek erakusten dutela bisitari kopurua ez dela hazi eta "hori ona" dela. Ulertzen du, "puntualki", jendea turismoak sortzen dituen arazoekin "nazka-nazka eginda egotea", eta hori sahiesteko "turismo fluxuak orekatzeko ahalegin gehiago egingo" dutela iragarri du: "Aberastasunerako oportunidade bat izan behar du, ezin du izan ameskaizto bat izan".
Turismo tasa, udalerri mailan, "turismo intentsitatearen arabera" kudeatu beharko litzatekeela iritzi dio eta "inbertsioak hobetzeko, natura eta ondarea zaintzeko balio beharko" lukeela.