Kontzertuak etxeko salan!
Eneritz Furyak: 'Musika ez da nahi eta nahi ez gauarekin lotu behar'
Bere gitarra hartuta etxeetan kontzertu akustikoak eskaintzen dihardu artista gazteak: musika gertutik eta goiz edo arratsaldez gozatzeko modua.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eneritz Furyak 24 urteko artista gaztea Euskadi Irratiko estudio nagusian izan dugu gaur. Gaztea izan arren, ordea, orain bakarlari gisa dabilenak bost urteko ibilbidea egina du Kasernarat taldeko abeslari eta gitarra jotzaile gisa.
'Faktoria'n gurekin izan den tartean, etxeko sala bilakatu da irratiko estudioa. Horixe baita Furyaken proposamen berria: ni joan naiteke zure etxera kontzertua ematera. "Nahi dudana da norbera erosoen dagoen txokoan eta pertsonekin kontzertua ematea", kontatu digu.
Bakarlaria izanik, interesa zuen akustikoak diren kontzertuen munduan eta ikusi zuen Europan eta AEBn oso ohikoa dela horrelakoak antolatzea eta ez bakarrik lagunekin, baita etxeko kontzertuetan kanpoko jendea ere gonbidatzea.
Bizilagunen kexuen beldur ez da. "Beti bada bizilagun erretxinen bat, baina nire proposamena gehiago da arratsaldean edo goizean egitea. Musika ez da nahi eta nahi ez gauarekin lotu behar", dio.
Kontzertua ematen ari delarik, publikoak moztu edo galdetu edo gitarra hartu nahiko balu ere prest agertu da Eneritz Furyak. Izan ere, oso gertukoak diren kontzertuetan edozer gauza gerta daiteke. Kontua ez da musikan edo kontzertuan hainbeste zentratzea, baizik eta elkarrekin hitz egitea. Etxeko kontzertu hauen helburua ez da zale berriak lortzea edo diru gehiago irabaztea, baizik eta musika gertutik bizitzea. Eneritz bera ere jendea gertu izateak inoiz baino gustorago sentiarazten du. Elkarrizketa goxo bat bezalakoa da. Entzun hemen!
. Entzun hemen!