Itxi

Alberto Lopez Basaguren

'Demonizatu egin da konstituzioaren eraberritzea'

Konstituzioa erreformatzeko oinarriak aurkeztu dituzten irakasleen artean dago Basaguren:"Ez gaitezen itsutu 'nazio' hitzarekin eta azter dezagun Europako ereduan sartzen diren beste kontzeptu batzuk"

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Espainiako hainbat Zuzenbide katedradunek konstituzioa erreformatzeko oinarriak aurkeztu zituzten atzo Madrilen. Kataluniak eragin duen krisiari aurre egin nahi zaio, baina baita ere Autonomien Estatuak izan dituen funtzionamendu akatsei ere. Estatu federaletako mekanismoak sartuko lituzkete Konstituzio berri batean. Estatuari eta erkidegoei dagozkien eskumen eta konpetentziak Konstituzioan bertan zerrendatuko lituzkete. Gainera, lankidetzarako bideak ere arautuko lituzkete, besteak beste Senatua errotik aldatuta.

Konstituzioaren erreformarako ideiak mamitu dituzten katedradunen artean Alberto Lopez Basaguren dago, Euskal Herriko Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna. 'Faktoria'n azaldu digunez, "demonizatu egin da konstituzioa eraberritzea" baina inguruko herrialde guztietan oso ohikoa da itun oinarrizkoan aldaketak egitea. Espainian ere aldaketa hori egin beharra dagola azpimarratu du eta "erabateko lehentasuna" duela "sistema autonomikoaren eraberritzeak" eta bide horretan, "sistema federal indartsuei begiratzea baino ez" dagoela. Konstituzio irakaslearen arabera, "oinarrizko printzipioei bere horretan" helduta egin behar da konstituzioaren erreforma, "ez irauliz, baizk eta egokituz".

Aldaketa horretan nazio izaerako aldarrikapenek zein leku luketen galdetuta, azaldu du "lurralde bakoitzari utzi behar zaiola barruko konstituzioetan -gurean, kontzertuan- nahi duen bezala jaso" dezan. "Legala izango da", zehaztu du, "bakarrik, konstituzioarekin bat egiten duen neurrian. Basagurenek gaineratu du "autodeterminazio eskubidea ez dela onartzen inon ere" eta beste aukera batzuk aztertu behar direla. "Ez gaitezen itsutu 'nazio' hitzarekin eta azter dezagu barruan zer nahi dugun". "Argi dagoena da", amaitu du, "subiranotasuna ez dela kontzeptu bezala onartzen baina badaude bestelako gauzak sartu nahi baditugu, Europako ereduan sartzen diren bezala, nik ez dut ikusten inolako arazorik".

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)