Bingen Zupiria
'Orkestrako greba justifikatzeko ELAren argudioak ez dira egia'
Euskarak 365 ekimenak euskararen lurralde guztietako erakundeak eta elkarte guztiak batuko dituela azpimarratu du sailburuak, eta "hori, berria da".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bingen Zupiria Kultura sailburuak ez du ulertzen Euskadiko Orkestran sortutako lan gatazka eta ELA sindikatuaren kontra egin du. Sindikatu horri "entzun dizkiodan gauza batzuk ez dira egia", adierazi du eta zehaztu du ez dagoela auzitan ez orkesta sinfonikoa bera, ezta bere neurria ere: "Orkestak 91 lanpostu ditu eta egonkorrak dira. Hori ez dago auzitan. Ez dut ulertzen nola justifikatu liteeken beste batzuei min handia egiten dien greba bat argudio horiekin". Zupiriak gaineratu duenez, Kultura Saila "leporaino sartuta dago honetan" eta erabat egiten du bat Oriol Roch zuzendariaren gestioarekin.
Euskarak 365 egun ekimenaren aurkezpenaren bezperan erantzun ditu Zupiriak 'Faktoria'n Maite Artolak egindako galderak. Sailburuak dinamika honen indarra azpimarratu du, euskararen lurralde guztiak bat eginda datorrelako. "Ekimen honen atzean hiru erakunde gaude, euskararen hiru lurraldeetako herri ordezkaritzak. Hori berria da", adierazi du eta gehitu, euskararen alde ari diren herri eragile guztiekin batuta arituko direla, gainera, erakundeak.
B2 maila arteko doakotasuna lortzeko urrats berriak iragarri ditu -"errendimendu bati lotuta"- eta "ezagutzak hazten jarrai dezan" euskaltegiei ematen zaien dirulaguntza igo beharra dagoela azaldu du.
Kultur arloan berriz, hemen egiten den sorkuntzaren maila eta kopurua azpimarratu du Zupiriak eta adierazi sailaren apustu nagusietako bat dela "sortzaileak diruz lagundu eta haiengandik gertu egotea". Alde horretatik, hemen dagoen eskaintzaren berri hobeto emateko erronkari erantzuten asmatu nahiko luketeela azaldu du.
Txillida-Lekuz esan du ez daukatela proiektua "saskira botata" baina, "momentuz bidelagunik ez" dutela Hernaniko aire zabaleko museoa berriz zabaltzeko.