Bizikletaz Erromara
Agotz Iturbe: 'Betiko ametsa bete dut bidaia honekin'
Agotz Iturbe abenturazalea Oñatitik Erromara bizikletaz jon da. 2.733 kilometro egin ditu 28 egunez luzatu den bidaian. Aspaldiko ametsa beteta, pozarren hitz egin du Euskadi Irratiko "Faktoria"n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Agotz Iturbek, 35 urteko oñatiarrak, Erromarainoko bidea egin du bizikletaz, guztira 2.733 kilometro. Oñatiko San Martin zubitik atera eta 28 egun beranduago Erromako San Petri plazaren iritsi da. Bidean, Pirineoak, Alpeak eta Apeninoak gurutzatu ditu.
Iturbek 'Faktoria'n azaldu digunez: “Aspaldiko ametsa zen bizikletaz edo oinez egitea, eta azkenik posible izan da, aurten aukera izan dut hilabetez oporrak hartu, eta etxetik atera eta bizikletaz joateko".
Aurrez beste erronka batzuk burutu ditu oñatiarrak, besteak beste, hiru aldiz burutu du "3 handiak" mendi martxa, Bretainiatik Finisterrera ere joan da, baina, Oñatitik Erromara joatea denak txiki utzi dituela dio. Erronka nagusia Alpeak gurutzatzea izan dela adierazi du, bidean zatirik gogorrena izan dela.
17 urterekin erositako bizikletarekin gauzatu du erronka, alforjatan 12 kilo zeramatzan. Esterilla eta lo zakua gainean hartuta, erromesak hartu ohi dituzten tokietan egin du lo.
Dagoeneko hurrengo erronkak ditu buruan, eta besteak beste, Frantziatik Constanza Lakurako bidea egin nahiko luke.
Bidaia hauetan sentitzen duen askatasun sentsazio paregabea dela dio Agotz Iturbek; egunean egunekoa aukeratzea gogoko duela azpimarratu du.