Iñigo Urkullu
'Nik nire burua guztiz lasai daukat, Kataluniaren alde egin dudalako'
Hasi berria den 2018a ETAren desagerpenarena eta autogobernuari buruzko adostutako testua onartuko den urtea izan beharko lukeela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Estreinatu berri den 2018 honetan Euskal Autonomia Erkidegoak lortu beharko lituzkeen erronkak argi ditu Iñigo Urkullu lehendakariak, Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan duenez. Legebiltzarretik autogobernuan sakonduko lukeen testu artikulatua onartzea "desio du", garai egokia da Iñigo Urkulluren hitzetan, "hauteskunde gabeko urtea izanik, askatasunez hitz egiteko" baliatu beharko lukete. Erabakitzeko eskubidearen aipamenik jasoko ote lukeen galdetuta, lehendakariak nabarmendu du, berak ez diola "beldurrik ez eztabaidari ezta eskubide horri ere".
ETA
ETAren etorkizunari buruz galdetuta, 2018ak ETA desagertuko den urtea izan beharko lukeela esan du Iñigo Urkulluk baina, ez du argitu nahi izan, era horretako informaziorik ba ote duen. EPPK presoen taldetik egin den biktimen minaren onarpenari buruz, lehendakariak uste du aurrera urratsa dela baina, berandu datorrela nabarmendu du "denbora asko galdu da, urteak galdu dira, azken batean neurri hauek hartu ahal izateko" eta erantsi du, ezinbestekoa dela, eragindako mina, "min bideagabea izan zela" onartzea.
KATALUNIA
Kataluniako egoera bideratzeko egin diren ahaleginei buruz galdetuta, Iñigo Urkulluk doi "bitartekaritza baino, laguntza gisa" planteatu duela berak izan duen esku hartzea. 'Faktoria'n jakinarazi du "Puigdmeont presidenteak berak eskatu" ziola ekainaren 19an, Hipercorreko atentatuaren 30 urteurrenan eta ondoren uztailean, Mariano Rajoyrekin elkartu zela. "Azken minuturarte, eta azken minututik aurrera" ahalegina egin zuela nabarmendu du, Puigdemont berarekin konpromisoa ere jaso zuela, hauteskundeak deituko zituela ziurtatuz baina, azken unean Puigdemontek atzera egin zuen. Jarrera aldaketa horrekin, Kataluniako presidente-ordeak huts egin ote zion ez du erantzun nahi izan baina, argi utzi du lasai dagoela: "nik nere burua lasai dut, Kataluniaren alde egin dut".
>