Itxi

Adin txikiko delitugileak

'Ez diogu delituari begiratzen, gazteari eta bere inguruari baizik'

Berriztu elkarteko arduradun Itziar Garzesekin eta Javier Elzo soziologoarekin jardun dugu gaur gizartean huts egiten duenaz, eta gazte hauek gizartera itzultzeko egiten duten bideaz.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Delituren bat egin eta neurri judiziala betetzen hezkuntza zentro batean dauden adin txikikoen errealitatea ezagutu dugu gaur 'Faktoria'n. Itziar Garzes Nafarroako Ilundainen dagoen zentroko arduraduna da. Berriztu irabazi asmorik gabeko elkarteak kudeatzen du, EAEko gazte zentroen % 80koa bezala (Zumarragakoa da, administrazioak zuzenean kudeatzen duen bakarra).

Itziar Garzesek azaldu digu gazte hauek gizartera garantia osoz itzul daitezen lortzea dela zentro hauen helburua, eta horren arabera, banaka egiten dute lan gazteekin. "Ez diogu delituari begiratzen, gazteari eta bere inguruari begiratzen diogu", azpimarratu du, egin duten delitua, "izotz mendiaren punta", bizi duten egoeraren "sintoma" izan ohi delako. Enpatia arazoekin iristen dira asko, denbora luzez errutinarik eduki gabe, arauak, ordutegiak eta mugak ezagutzen ez dituztela. Alde horretatik, zentroan sartzea berak "haustura" handia dakarkiela dio, berehala jartzen dizkietelako, ordutegi eta arau zorrotzak. Hortik aurrera, hasten da ber-hezkuntza prozesua.

Zentro hauetara iristen diren delitugileen errealitateaz mintzatu da, baita ere, Javier Elzo soziologoa.  Katedradunaren arabera, "gehiegitan" ari dira errepikatzen adin txikikoek egindako delituak eta neurri polizialak eta espetxea defendatu ditu. Onkeriatik ihes egin behar dela uste duen arren, halere, Elzok ere hezkuntzan jarri du azpimarra, eta azaldu du, kezkatuta, hezkuntza gaur egun edukien transmisiora ari dela mugatzen eta ez baloreen transmisiora: “Hor egon liteke gertatzen ari denaren esplikazio bat eta aurrera begirako gakoetako bat”.

gakoetako bat”.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)