Kargatzen...
Itxi

Eguneko efemeridea

Martina Ibaibarriaga gerrillari eta militar berriztarra jaio zela 230 urte

1788an gaurko egunez jaio zen Martina Ibaibarriaga berriztarra, Napoleonen tropen kontra borroka egin zuen militarra Espainiako independentzia gerran. Gerrilari hasi, eta kapitain izatera iritsi zen.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Martina Ibaibarriaga 22 urte zituela joan zen frantsesen kontra borroka egitera Belard izeneko gerrillaria buru zuen taldearekin. Jon Irazabal Gerediaga elkarteko historialariak kontatu digunez, ez dago argi zerk eraginda abiatu zen borrokara.

Ibaibarriagak 50 lagun inguruko gerrilla zuzenduko zuen geroago Bizkaian, baina hainbat herritan haserre ziren elikagaiak eta hornigaiak lapurtzen zituztela-eta, eta, ondorioz, atxilo hartu zituzten Espoz y Mina gerrilla-buru nafarraren tropek. Ibaibarriaga eta bere gerrillariak Espoz y Mina eta Francisco Longa gerrilla-buruen esku utzi zituzten, eta taldeko 8 gerrillari fusilatu zituzten eskarmentu gisa, ez ordea Ibaibarriaga.

Ibaibarriagak Gasteizko gudan parte hartu zuen 1813an, tropen agintea ere izanez. Napoleonen tropen kontrako borrokan, britainiarrak eta portugaldarrak ere aritu ziren Gasteizen, Wellington generala buru zutela, geroago Britañia Handiko lehen ministro izango zena. Ibaibarriaga ez zen oharkabean pasa Wellingtonentzat…

Berrizko emakume militarraren inguruan galdera ikurrak hainbat dira, tartean gizonez janzten ote zen… Argi dagoena, behinik behin, ezohiko pertsonaia zela Martina Ibaibarriaga.

Burgosko Oña herriko teniente batekin ezkondu zen eta bertan hil zen 1849an 61 urte zituela. Hil ondoren, ohorezko kapitain eta teniente koronel tratua eman zion Españiako Gobernuak, eta Gasteizen kalea dauka: Coronela Ibaibarriaga.

Audioak (1)