Itxi

Eguneko efemeridea

Atahualpa Yupanqui jaio zela 110 urte

Musikari eta poeta argentinarra, gaur bezelako egun batez jaio zen duela 110 urte. Euskal Herrira sarritan etorria, bazuen arrazoirik hona etortzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Atahualpa Yupanqui musikari  eta poeta argentinarra urtarrilaren 31 batez  jaio zen duela 110 urte Argentinan. Euskal Herrira sarritan etorria, bazuen bai arrazoirik hona etortzeko. Haren benetako  izena, gurasoek  emandakoa,  Héctor Roberto Chavero Aranburu zen. Ama ez dakigu Gipuzkoako zein herritik, baina uste da Oiartzun edo Hondarribiatik   Argentinara joandakoa zela. Aita, berriz, quechua jatorriko mestizoa. Chavero abizena Iruñetik Argentinara migratu zuen Xabero familiatik hartu zuen, edo, hobeto esanda, eman edo ezarri zioten... Amerikan zein Afrikan ohikoa zelako europarrek bertako jendeari izenak ematea.

Diru askorik gabe, trenbidearen alboan, aita ferrokarriletako langilea  zelako, eta zaldien artean hazi eta bizi izan  zen poeta eta  musikari argentinarra. Kilometro asko egin zituen zaldi gainean; gaztaroan egunero 16 kilometro, eskolara joan eta gitarra ikastaroak hartzeko.

Amerindarren ohiturak ikertzen jardun  zuen. Izugarria omen  da Argentinako herri indigenak ikertzeko egin zuen lan etnografikoa. Alderdi  komunistako kide ere izan zen; horrek kartzelara eraman zuen, eta eskuineko eskua ia elbarri zuen, jasan zituen torturak tarteko... eskerrak ezkerraz hobeto moldatzen zen.

Ibilbide oparoa egin zuen musika eta poesia arloan. 300dik gora abesti eta dozena bat liburu argitaratu zituen. Mundu zabaleko artista eta  musikari askok estimatzen dute  Yupanqui: Mercedes Sosak, Facundo Cabralek, Victor Jarak, Andres Calamarok… eta, gurean, Mikel Laboak.

Mikel  Laboa  non…..  Marisol Bastida han. Yupanqui ezagutzeko aukera izan zuen, eta oroitzapen oso ona  du. Mikel Laboak Yupanquiren kantu asko abestu zituen.

Natura eta Bachen musika maite zituela esaten zuen poeta argentinarrak, eta bere baitan grina sakon bat gordetzen zuen: egunen batean anonimoen legioan elkartzea, izenik gabe, irudirik gabe, istorio pertsonalik gabe…. haizeak anaitasun mundu batera daraman maitasun eta bake abesti baten laguntzaz.

Audioak (1)