Itxi

Gorka Barrenetxea

'Negar gehiago ikusi dut lagundutako ernalkuntzan, minbizi kasuetan baino'

Inoiz ama izan nahi duten emakumeei "lehenbailehen haurduntzeko" mezua eman behar zaiela nabarmendu du ginekologo eta ernalkuntza adituak. "Beranduago" erantzutea, erantzun okerra dela dio.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

"Bi erantzun posible daude zuzenak", esan digu Gorka Barrenetxea ginekologoak 'Faktoria'n egindako elkarrizketan, eta biak dira zilegi eta erabat onargarriak: ama izatea, edo ama ez izateko erabakia hartzea. "Baina bada erantzun bat zuzena ez dena", azpimarratu du: "Ezin da erantzun, 'beranduago'". Gaur egun amatasun adina atzeratzeak dakartzan zailtasun eta frustrazioez aritu da mediku bilbotarra eta azaldu du minbizi kasuetan baino negar gehiago ikusi duela berak lagundutako ernalkuntzaz haurduntzeko ahaleginetan aritu diren emakumeen artean.

Onartu du medikuek ezin dutela gizartea aldatu, eta bizi ditugun baldintza estruktura "negargarriak" aldatzen ez direla ikusita, emakumeek gazte diren bitartean obozitoak gordetzeko aukera gomendatzen ari direla. Hala ere autokritika egin du eta iritzi, osasun profesionalek amatasun berantiarren arazoez ohartarazi beharko luketela. "Kontsultara iristen den emakume bati galdetu egin behar zaio noiz haurdundu behar duen", esan du

EHUko Ginekologia eta Obstetrizia irakasle da Barrenetxea eta Clinica Bilbaoko zuzendari medikua. Jakinarazi digu, eurek ez dutela "antzutasuna tratatzen", arazoa "adina" dela eta euren egunerokoan "porrotak arrakastak baino gehiago ikusten" dituztela. Lagundutako ernalketen hamar kasuen artetik bost edo sei negatiboak izan ohi direla jakinarazi du, nahiz eta ondorengo ahaleginetan %90 inguruk lortzen duen haurra izatea.

Estigmatizatuta eta errudun sentitzen dira guraso eta batez ere emakume horiek, baina gogorarazi du Barrenetxeak, 5 haurretik 1 jaiotzen dela, gaur egun, lagundutako ernalkuntza bidez.

Bere kontsultara joaten diren emakumeen bataz besteko adina 38 urtekoa da. Onartu du, nolanahi ere, izan dutela kasurik 55 urterekin hardun geratu nahi zuenik edota 50 urterekin bere obozitoak gorde nahi zituztenak. "Ikuspegi etikotik ezin dugu prentsan ateratzen diren kasu horiek onartu eta ontzat eman", esan du, "ama izan nahi duen emakumea bezala, jaioko den umea ere lagundu behar dugulako".

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)